1,2 milioi euro uholdeen eraginez kalteturiko udalerrien erreparaziorako
Udalek diru-laguntza hauek eskatu ahal izango dituzte hilaren 23ra arte. Zaldibia, Gaintza eta Ataungo alkateak «pozik» daude deialdiarekin. Joan den astean aldundiko Gobernu Kontseiluak hartutako erabakia izan da.
Ekaineko uholdeek utzitako kalteak auzolanean garbitzen.Iñaki Gurrutxaga Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi berri du 1,2 milloi euroko partida onartu duela iragan maiatz eta ekainean Goierri eta Tolosaldean izandako euri jasa bortitzen ondorioz sortutako kalteak konpondu eta udalerriei diru-laguntzak emateko. Giza galerarik ez zen izan gau hartan, baina bai kalte material handiak: errepideetan, etxebizitzetan, baserri-guneetan, ibilgailuetan, landa-bideetan eta enpresetan.
Zaldibia, Gaintza, Ataun, Ezkio-Itsaso, Gabiria, Ormaiztegi eta Lazkao izan ziren, besteen artean, kalteak jasan zituzten udalerriak; euri zaparradak ordu bakarrean litroak eta litroak bota zituen eta ezinezkoa izan zen menditik zetorren ur guztia bideratzea. Joan den astean aldundiko Gobernu Kontseiluak hartutako erabakia da. Beharrezkoa balitz, aurrekontu partida desberdinetan banatuta dagoen zenbatekoa handitu daitekeela adierazi dute. Irailaren 23a da udalek diru-laguntza horiek eskatzeko izango duten azken eguna.
«Baliabiderik gabeko herri txikientzako portzentaje horrek txikia izaten jarraitzen du, baina badakigu zenbateko hori handitzeko aukerak egon daitezkeela»
Jon Gorrotxategi. Gaintzako alkatea
Herrientzat berri ona
Jon Gorrotxategi Gaintzako alkatearen eta Martin Aramendi Ataungo alkatearen esanetan, uztaila bukaeran eman zitzaien laguntza-lerro horren berri: «Jakitun ginen, eta finantza kalteen %50 estaltzeko izango zela ere esan zitzaigun». Aurreneko momentutik zehaztapen horiek iritsi ez izana bota du faltan Gorrotxategik, eta azaldu du hain justu, hori zela hasierako unetik udalerriek eskatzen zutena: diru-laguntzak jasotzeko bete beharreko irizpideen zehaztasuna, kantitatea, horiek lortzeko egin beharrekoen zerrenda…
Hala ere, gaineratu du Gaintza bezalako herri txikiek gastuei aurre egiteko dituzten baliabide urrietarako «abiapuntua» dela diru-laguntzarena: «Baliabiderik gabeko herri txikientzako portzentaje horrek txikia izaten jarraitzen du, baina badakigu zenbateko hori handitzeko aukerak egon daitezkeela eta horretan saiatu beharko gara; alde horretatik, behintzat, positiboa».
«Guretzat oso berri ona da, eta ondo bidean, aurrera txukun xamar egiteko moduan izango gara»
Martin Aramendi. Ataungo alkatea
Ioritz Berra Zaldibiako alkatearentzat «deialdi egokia» da: «Udalerri bakoitzari gastuen %50ean laguntzea ez ezik, datorren urteko ekainaren 30era arte luzatu dute konponketa lanetarako epea, eta horrek hain urgenteak ez diren bestelako konponketak hurrengo urteko aurrekontuetan sartzea ahalbidetzen digu».
Aramendik, bestalde, aitortu du diru-laguntzekin gastuen erdia estaltzea lortzen badute, uholdeek euren aurrekontuan sortutako «desoreka» dezente orekatuko litzatekeela: «Guretzat oso berri ona da, eta ondo bidean, aurrera txukun xamar egiteko moduan izango gara».
Auzolanean jardunak
Hala ere, udalerri guztiek premiazko esku-hartzeak egin behar izan zituzten kalteak jasan eta berehala: partikularren etxeetarako sarbideak eta etxe-azpiak garbitzea; harriz, zuhaitzez eta hesiz harturiko bide publikoak txukundu beharra; kale zein errepideetan gelditu zen lokatza eta lohi geruza handia garbitzea… denak auzolanean txukunduak.
«Udalerri bakoitzari gastuen %50ean laguntzea ez ezik, datorren urteko ekainaren 30era arte luzatu dute konponketa lanetarako epea»
Ioritz Berra. Zaldibiako alkatea
Badira beste gastu asko, baina, udalerriek beren gain hartu ezin dituztenak. Aldizkari ofizialean argitaratutakoaren arabera, beharrezkoa da udalentzat «ustekabeko gastu ekonomikoa» dakarten kalteak «ahalik eta azkarren» konpondu eta berriztatzea, «kalteturiko azpiegitura eta ondasunak, haien funtzionamendu egokia berrezartzeko, erabilera segurua eta egokia ziurtatzeko eta eremu kaltetuen normaltasunera itzulera errazteko», besteak beste.













