2026ko abenduaren 20an izango da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finala
2022ko txapelketa bezala, Nafarroa Arenan jokatuko dute. Hori bai, aurreko aldiarekin konparatuz, bi bertsolari gehiago sailkatuko dira bai Arabako txapelketatik, bai Nafarroakotik eta bai Xilabatik; beraz, lehen faseak saio bat gehiago izango du.
Maialen Lujanbio azken agurra kantatzen, Iruñean, 2022ko finalean. Bertsozale elkartea Bete-beteak egongo dira datozen hilabeteak bertsozaleentzat. Izan ere, hilabete honetan hasi eta datorren urteko martxora bitarte, lau txapelketa jokatuko dira: Arabakoa, Bizkaikoa, Nafarroakoa eta Xilaba. Bizkaikoa izango da hasten lehena, eta Arabakoa azkena. Lurraldeetako txapelketa horien ostean, Euskal Herriko Txapelketa Nagusiari ekingo diote. Urtebete barru da hastekoa, eta 2026ko abenduan amaituko da; 20an, hain zuzen. Iragan txapelketan bezala, finala Iruñeko Nafarroa Arenan izango da.













