Andra Mari eguna ospatuko dute Liernin, igandean
Gazteen mailako 44. Lierniko txirrindularitza probarekin hasiko da jaia. Herri bazkaria, bertsolariak eta herri kirolak festa eguna amaitzeko.
Herri kirol saioa Liernin, iazko Andra Mari jaietan.Iñaki Ugalde Lierniko Andra Mari egunaren harira —irailaren 8an da— festa eguna antolatu dute Liernin igande honetarako. Ohi bezala, Lierniko txirrindulari probak emango dio hasiera jai egunari igandean. 44. urtea da aurtengoa, Lierniko txirrindulari elkarteak antolatuta. Elkarte kide den Joseba Zabaletak aurreratu duenez, ohiko formatuan jokatuko da lasterketa: «bi zati izango ditu, errepideko lasterketa eta erlojupeko igoera».
Liernin hasi eta amaituko da errepideko proba, Goierrin barrena, 60 kilometroko ibilbidea osatu eta gero. Errepideko proban lehendabiziko 40en artean sailkatutako txirrindulariek erlojupekoa jokatuko dute gero, «Seguran hasi eta Liernin amaitu», 4 kilometroko bidean.
Herri kirolak, arratsaldean
Herri bazkaria izango da eguerdian Aratz Igartzabal eta Eneko Araiztegi bertsolariekin eta arratsaldean, ohi bezala herri kirol saioa izango da. Iñaki Ibarguren eta Xabier Dorronsoro Unai Etxeberria eta Haritz Goenaren aurka arituko dira aizkoran, eta Udane Ostolaza, harri jasotzen.














