Beasain, mugikortasuna eta elkarbizitza, 430 metro koadroko muralean
Xabier Anuntzibai artista beasaindarrak mural erraldoia margotu du Beasaingo Senpere kaletik Lazkaora doan bidean.
Beasaingo Udalaren enkarguz, 430 metro koadro inguruko mural erraldoia margotu du abuztuan Xabier Anuntzibai beasaindar artistak Beasaindik Lazkarako bidean, Senpere kalean. Adur Ugartemendia zinegotziaren esanetan, gune hori “Beasaingo sarrera nagusietako bat da. Ibilgailu asko pasatzen da, oinezkoak, bizikletak… Baina sarrera nahiko gogor bat da, ezker-eskubi hormigoizko paretak ditu eta iruditzen zitzaigun, kontutan izanda zenbat jende pasatzen den bertatik, aukera zegoela hobetzeko. Horretarako artea tresna interesgarri bat zela iruditu zitzaigun”.
Xabier Antzuntibai herriko artistaren artelanean hiru gai uztartu nahi izan dituzte: Beasain, mugikortasuna eta elkarbizitza. “Hiru gai horiek hartuta, Beasaingo hiruzpalau leku esanguratsu hartu ditut eta tartean jendea sartu dut, batetik bestera, mugimenduan, bizikletan, patinetean, patinenetan… Autobus bat ageri da, kotxe bat, trena…”, dio Anuntzibai.
Anuntzibairen ideia “halako ipuin ilustratu baten itxura ematea nolabait” izan da, eta horretarako estilo desberdinekin jokatu du: “Zati batzuk oso errealistak dira; Igartza ageri da, Olaran… Itxura nahiko errealista eta piktorikoa dute. Eta tartean gustatzen zait nire marrazki propioak sartzea”. Horretaz gain, “pertsonaia batzuk erraldoiak dira eta beste batzuk nimiñoak. Eskalekin ere jolastuz, nolabait, fantasia puntu hori sartu diot. Errealitate eta fikzioaren arteko muga horretan jolasten dut”.
Abuztuan
Abuztuan margotu du murala. “Gogorra izan da momentu batzuetan, eguraldiagatik. Bestalde, trafikoa ere handia da eta egun osoa hemen lanean pasa ondoren, gogorra egiten da”. Baina “oso gustura” aritu da, “eta lana bukatuta dagoela ere, faltan botatzen dut hona etortzera margotzera. Momentu gogorrak izan ditut, baina oso gustura egin dudan lan bat izan da”.
Mugimendu handiko tokia da, baita oinezkoentzat ere eta hartu-eman handia izan du oinezkoekin. “Feedback handia izan da. Egunero hemen paseatzeko ohitura dutenak badaude, egunero ikusi ditut eta azkenean tratu pertsonala ere sortzen da, eta hori gustukoa dut”.
Emaitzarekin gustura
Egindako lanarekin gustura geratu da artista beasaindarra. “Behin amaitutakoan joan-etorri bat egin nuen, eta sentsazioa oso positiboa izan zen. Murala hain handia denez, oinezkoak nolabait nik sortu dudan ipuin edo kontakizun honetan sartzen direla eta parte bilakatzen direla iruditzen zait. Oinez pasatzerakoan nire sentsazioa izan zen, mural honen parte nintzela. Beraz, sentsazioa oso positiboa da”.
Ahalik eta denbora gehienean
Tamainari dagokionean, orain artean egin duen lanik handiena da Senpere kalekoa, baina ez da Beasainen duen mural bakarra: “Imanol Aizpururen omenezkoa, Alkartasuna Lizeokoa bertako ikasleekin egindakoa, Barandiaran parkekoa ia erabat gainetik ezabatu dute, kanpoko igerilekuetakoa ere (Igor Rezolarekin eta Imanol Aizpururekin margotutakoa) denborarekin pixka bat kolorea galtzen joan da, paretak ere irudi erdia jan du…”. Anuntzibaik argi du, “muralak margotzen ditugunok badakigu gure lana normalean ez dela betirako izaten, epe bat izaten du. Espero dut epe hori ahalik luzeena izatea”.













