«Lortu behar duguna da taldea kategoria berrian moldatzea, partida guztiak lehiatzea»
Bigarren Federazio mailara igota, igandean ekingo dio Beasain KEk denboraldiari, Tudelanoren aurka, Tuteran.
Mikel Arruabarrena Loinatz zelaian.Martxel Pita Ekainean, playoffeko azken partidan erabaki zen: Beasain KE futbol taldea Bigarren Federazio mailara igo zen. Arruabarrenak (Tolosa, 1983) bere hirugarren denboraldia egingo du Beasain KE zuzentzen. Igandean ekingo dio Beasain KEk 2025/2026 denboraldiari, Tudelanoren aurka, Tuteran.
Zer moduz ikusten duzu taldea?
Jende berria daukagu, egokitzeko denbora bat behar dute. Emaitzak ez dira gustukoenak izan aurredenboraldiko lagunartekoetan, baina ekipoa egunetik egunera hobeto ikusten da. Orain ikusi beharko dena da denboraldian nola egokitzen garen eta nola hasten garen kategoria berrian.
Salto handia izango da?
Niretzat berria da. Egia da lehengo urtean ekipo oso indartsuak jaitsi zirela eta kategoria oso gogorra izango dela, baina oraindik ez dugu jokatu partidarik 2. B mailako talde baten aurka, eta ikusi egin beharko da, baina uste dut taldea lehiakorra izatea lortuko dugula eta mailara egokituko garela.
Taldean aldaketak izan dituzue.
Bai. Zortzi-bat jokalari berri, Bigarren Federazio mailan jokatutakoak batzuk, beste batzuk gazteak, aukera hori nahi dutenak, eta printzipioz oso gustura gaude taldearekin, baina ikusi behar dena da igandetik aurrera nola moldatzen garen kategoria berri honetan. Egia da talde umila garela, talde txikia kategorian, baina uste dut egin dugun taldea gustuko dugula teknikariok eta uste dugu kapazak izango garela gauza politak egiteko.
«Hemezortzi taldetatik sei jaisten dira mailaz, hemezortzitik hamalau talde profesionalak dira, hori bakarrik egiten dute, eta gu gaude beste lau horien artean»
Zein da helburua?
Helburua urrunera ikusita mailari eustea da, baina badakigu oso zaila dela. Hemezortzi taldetatik sei jaisten dira mailaz, hemezortzitik hamalau talde profesionalak dira, hori bakarrik egiten dute, eta gu gaude beste lau horien artean. Hori kenduta, lortu behar duguna da taldea kategorian moldatzea, partida guztiak lehiatzea. Hori da gure lehenengo helburua. Bukaerako helburua da mailari eustea, baina suabe-suabe joango gara. Lehengo urtean hasieran helburu batzuk geneuzkan, gero urruti ikusten ziren, eta pausoz pauso azkenean lortu zen. Aurten ere gure helburua da pausoz pauso lortu nahi dugun helburu horretatik gertu egotea.
Tudelanoren aurka da lehen partida. Gogotsu zaudete denboraldiari ekiteko?
Aurredenboraldia izaten da futbolean dagoen itxusiena, bero askorekin, izerdi handiak, lan fisiko asko… beti desiatzen ea bukatzen den, hasteko. Gehienbat ikusteko kapazak garen kategorian, ikusteko nola gauden kategorian. Taldea gogoz dago lehen partidarako. Ez dugu jokatu Bigarren Federazio mailako taldeen aurka, eta duda hori dugu, baina desiatzen hasteko; talde polit bat, zelai polit batean… ea azkar pasatzen den ikusteko aurtengo Beasain nola moldatzen den.
Bigarrena etxean, hilaren 14an. Zaleen babesa espero duzue?
Badakigu 2-3. mailetako futbolean oso zaila dela jendea engantxatzea, kirol pila bat daude, jende askok kirola egiten du, ordu berdinean jokatzen dira partida asko… eta gero daude 1-2. mailetako taldeak kirol askotan. Behar izan dugun momentuetan hor egon da jendea, hor egon da familia, hor egon dira Beasaingo zaleak, eta eskertzen da. Jendea ea animatzen den taldea ikustera. Badakigu ez dela izango playoffetako partidak bezala, baina gustukoa izaten da jendea hurbiltzea eta taldearekin egotea.













