Ormaiztegiko kintoak lehenengoz elkartuko dira asteburuan
Kintoen zapi banaketa eta bertso poteoa izango dira bihar, asteburuari hasiera emateko.
Ormaiztegiko hainbat gazte, Gazte eguneko artxiboko argazkian. Angel Elorza Ormaiztegiko kintoak lehenengoz elkartuko dira asteburu honetan Harrikalariak gazte asanbladak antolatu duen Kintoburue izeneko ekimenaren harira. Sarai Gorostidi gazte asanbladako kideak aurreratu duenez, «orain arte Ormaiztegin ez da egon kintoen egunik» eta hutsune hori betetzeko asmoz antolatu dute ekimena. Harrikalariak gazte asanbladak uda honetarako antolatu duen Udako plangintzak egitarauari amaiera emango dio Kintoburuek ekimenak.
Kintoen arteko bazkaria izango da ekimen nagusia baina egitasmoa ez da egun bakarrera mugatuko. «Asteburuko kutsua eman ahi genion ekimenari, hortik izena», dio kinto eta asteburu hitzen arteko jokoari erreferentzia eginez. Bihar, kintoen zapi banaketa egingo dute plazan 18:30ean eta ondoren, bertso poteoa izango da Ane Zuazubiskar, Nerea Ibarzabal eta Mikel eta Amaia Iturriotz bertsolariekin.
Bazkari jendetsua
Lehendabiziko urtea izateko harrera ona izan du ekimenak antolatzaileen iritziko: «Uste baino arrakasta handiagoa izan du», azpimarratu du gazte asanbladako kideak. Guztira, 150 bat pertsona bilduko dira etzi eguerdian plazan egingo duten bazkarian. Eguerdian, 13:00etan kintoen taldeko argazkia aterako dute aurrena eta 14:30ean emango diote hasiera bazkariari. Arratsaldean, elektrotxaranga ibiliko da herriko kaleetan zehar, 19:00etatik aurrera.













