Lau eguneko festak eta dozenaka ekintza
Suziriak emango dio hasiera ofiziala jaiei ostiralean, baina ostegunean hasiko dira ekintzak. Sagardo dastaketa, mus txapelketa, dantza saioak, kontzertuak eta herri bazkariak izango dira, besteak beste.
Igartza auzoko jaiatako sagardo dastaketa, iaz.Ariane Vierbücher
Aurreko urteetakoaren antzera joango dira festak. Adin tarte eta gustu guztietarako ekintzak izango dira. Musika, kale ikuskizunak, gastronomiari lotutako ekintzak eta kirol jarduerak izango dira, beste batzuen artean.
Iazko berritasunari eutsiko diote, sagardo dastaketa bigarrenez eginez. Ardo dastaketaren ordez antolatu zuen jai batzordeak. Ostiralean, 19:00etan hasita izango da. Antolakuntzak aurreratu duenez, sagardo etxe desberdinak izango dira aukeran. Edalontzia ordaindu beharko da eta nahi beste edan ahal izango da.
Gauean, berriz, kontzertuak izango dira. The Lio, Against You, Hell Beer Boys eta Muxutruk erromeriak joko dute.
Lehiaketak eta bazkariak
Hainbat ekintzatan parte hartzeko izena ematea edo txartela erostea beharrezkoa izango da. Mus txapelketa, larunbatean, 16:00etan hasita jokatuko da, Kattalin erretegian. Izen ematea tokian bertan egingo da txapelketaren aurretik.
Haurrentzako duatloia, berriz, egun berean, goizean jokatuko da. 10:00etan izango da izen ematea irteera puntuan eta ordu erdi beranduago hasiko da proba.
Patata tortila lehiaketan parte hartzeko ere aurrez eman behar da izena, 600 398 668 telefono zenbakira Whatsappez mezua bidalita, eta 15 euro ordaindu beharko dira.
Txingak eta sokatira herrikoian parte hartzeko, ekitaldiaren atarian eman beharko da izena.
Larunbat gaueko auzo afarirako janaria talde bakoitzak eraman beharko du. Kontuan izan behar da mozorrotuta joan behar dela. Aurtengo gaia espazioa izango da. Igandeko paella herrikoirako txartelak, berriz, auzoko tabernetan daude salgai.
Igartzako dantzariak
Igartzako jaiekin batera ospakizun gehiago ere izango dira Beasainen. Hain zuzen ere, Igartzako Dantzarien XIX. Eguna ospatuko du Igartzako Dantzarien Kofradiak, Aurtzaka dantza taldeak antolatuta. Larunbatean izango da dantzarien egun handia. 12:00etan bandera jasotzea egingo dute udaletxean, eta ondoren, ezpata dantzaren segizioa egingo dute, plazatik Igartzaraino. 12:30ean hasiko da dantzarien ikuskizuna, Igartza Monumentu Multzoko gune desberdinetan. Arratsaldean, berriz, festak aurrera egingo du. Erromeria eta triki-poteoa egingo dute trikitilari eta panderojoleekin. Herritarrei bertaratzeko deia egin diete.














