Azoka berezia, eta berritasunez eta aipamenez betea
Plaza Nagusiko postuak dotore asko prestatu dituzte gaurko hitzordu handirako. Horietako laurentzako aipamenak izan dira.
Irailaren 8tik gertuen dagoen asteazkena da gaur, eta Ordizian tradizioak agintzen duen bezala, azoka berezia egiteko eguna. Tradizioa bete da, eta goiz partean herriko erdigunea jendez gainezka jarri da azoka berezi horren inguruan antolatutako era askotako postuak eta gazta txapelketa entzutetsuak erakarrita. Baina kalean bakarrik ez, Plaza Nagusiko ohiko feria ere berezia izan da, eta berritasunez eta aipamenez bete da gaur.
Berritasunik nabarmenena babarrun beltza izan da. Egun hau, feria berezikoa izaten da produktu hau aurkeztekoa azken urteetan, eta aurten ere, ohitura horrekin bete du Itsasoko Maria Jesus Oriak. Lekan oraindik, kiloa 20 euroan jarri du salgai. Uzta ona datorkiola esan du, gainera. Babarrunen ondoan, boniatoa edo batata ere bazuen salgai itsasoarrak, kiloa 3 euroan, eta eta postu berean, bi kuia mota berri ere aurkeztu ditu: potimarron deiturikoa, eta euskal kuia izenarekin deitzen dutena (kiloa 3 euroan).
Beste kuia mota bat ere iritsi da feriara, honako hau Aramatik. Maite eta Arantxa Zurutuza ahizpek zuten, tamaina handikoa eta borobila, baina ez zekiten izenik. Kiloka zuten salgai, kiloa 3,5 euroan. Postu honetan bertan eguneko beste berritasuna ere aurkeztu dute, irasagar dultzea. Tarrinetan zuten ontziratuta, eta bakoitza 3,5 euroan zuten.
Piku berdeak ere berriak ziren gaurko ferian. Zurutuzatarrek zituzten, baita Miren Jauregik ere, kiloa 4 eta 4,5 euro artean.
Sustrai Askeak postuan, berriz, errukula eta mizuna edo ziape japoniarra aurkeztu ditu Natalia Magallanesek; 150 gramo 1,5 euroan zituen salgai.
Bitxikeriak eta perretxikoak
Gaurko feria bereziak, bestalde, bitxikerietarako tartea ere izan du, eta horiek Montesen postuan ikusi dira. Arantxa Iparragirrek alberjinia luzeka bat aurkeztu du, flauta motakoa, eta sortaka saldu du, sorta 2 euroan. Tamaina ikusgarriko tomateak ere bazituen, Aretxabaleta motakoak, kilotik gertuko pisuarekin, baina jateko ez, hazitarako saltzen ari zela esan du ibartarrak.
Perretxikorik ere ez dira falta izan gaurkoan, eta asteazken berezia izan arren, Mikel Lasaren eta Felix Barcinaren postuek ez diote hutsik egin asteroko hitzorduari. Bi saltzaileen artean 85 kilo onddo (kiloa 30 eta 40 euro artean) eta 40 kilo ziza hori (kiloa 15 eta 22 euro artean) jarri dituzte salgai.
Lasaren postuan, bestalde, bi kilo eta erdi gorringo ere izan dituzte salgai, kiloa 38 euroan, eta Barcinarenean zortzi kilo boilur beltz ere bazituzten, kiloa 280 euroan.
Aipamenak eta sariak
Iraileko feria berezi hau Plaza Nagusiko saltzaileei aitortza egiteko ere izaten da, eta gaurkoan lau aipamen eta horiekin lotutako sari ekonomikoak eman dizkiete beste hainbeste ekoizleri. Aramako Patxi eta Iker Arizmendi aita-semeek, Bidaniko Sustrai Askeak elkarteko Natalia Magallanesek, Gabiriako Anttoni Murgiondok eta Ibarrako Monteseko Patxi Izagirre eta Arantxa Iparragirre senar-emazteek eta Ainhoa alabak jaso dituzte aipamen horiek.
Baina ohiko ferian izaten diren beste bi saltzailek jasotako sariak ere aipatu behar dira. Gaur, Plaza Nagusian izan beharrean, Barandiaran plazan izan dira sagarrak saltzen Gabiriako Jose Antonio Elosegi eta Errezilgo Simon Aizpuru, eta bertan sarituak izan dira fruitu lehiaketan bigarren eta hirugarren sariekin, hurrenez hurren.





















