«Euskal Herrian kultura bat dago ardiaren inguruan»
Artzain Eskolan egindako lana aitortuz, omenaldia egin diote Gipuzkoako Artzain Egunean Batis Otaegiri. Lanetik erretiratuta, boluntario gisa jarraitzen du artzainei laguntzen.
Batis Otaegi, Artzain Egunean, ardi eta aharien erakusketan.Tere Madinabeitia Artzaintzarekin duen harreman estuagatik, Artzain Eguna hitzordu berezia da Batis Otaegi Garmendiarentzat (Legazpi, 1959). Aurtengoa, are bereziagoa izan da, antolatzaileek omenaldia egin diotelako. Artzain Eskolaren sorrerarako emandako pausoak eta horren kudeaketan egindako 25 urteak izan dira omenaldirako arrazoiak.
Omenaldia jubilatu berritan egin dizute.
Duela bi urte errelebo kontratuaren bidezko erretiroa hartu nuen, eta aurten erabat utzi dut Artzain Eskola kudeatzen duen Gomiztegi Kooperatiba. Orain, boluntario lanak egiten ditut, batean edo bestean, ikasitakoa gazteei transmititu nahian.
Zenbat urte egin dituzu Artzain Eskolan?
Hasieratik egon naiz. 1997an hasi ginen, eta ia 30 urte egin ditut jarraian, erakusten, ikasten… Eta eskolari beste batzuk baino lehenago aurrerakuntzak instalatzea dagokionez, horretan ere ibili naiz, berrikuntza horiek, iritzi berriak eta beste egiteko moldeak erakusten. Horixe izan da gure egitekoa.
Zenbat artzain igaro dira?
Formazioa sei hilabetekoa da, eta hortik 350 pasa dira, baina aparte, zenbat saio ere egin dira, aste betekoak edo hiru egunekoak, espezifikoak, eta horietatik beste mordoxka bat igaro da. Baina hori bezain inportantea da urte horietan ibili garela artzainekin Espainian, Europan, Ameriketan… irudi sektorial polit bat gauzatzen.
Kanpotik ere etorri dira hona.
Halaxe da. Bi urteetan, 2000-2002 urte tartean, Artzain Mundua erakundea osatu zen, eta bi kongresu egin genituen mundu mailakoak. Oso arrakastatsuak izan ziren, eta bakoitzak besteen kulturak ikusteko eta ikasteko gunea izan zen.
Nolakoa da artzainen lanbidea?
Edozein lanbide bezala, pertsonari gustatu egin behar zaio. Euskal Herrian badaude 5.000 etxe baino gehiago, kopuru txiki bat bada ere, ardiak dituztenak, eta horrek erakusten du hemen kultura bat badagoela ardiaren inguruan, eta jende askori gustatzen zaiola. Baina gauza bat da animaliak edukitzea, eta beste gauza bat da hortik bizitzea. Ez daude gauzak errazak, baina nik uste dut instituzioek behar bezala laguntzen badute, artzaintzak iraungo duela.
Industria munduan ibilitako batzuk egin dute aukera hori… Kasualitatea al da?
Ez. Eskolara etorritako hamarretik zortzi lehendik zenbait industriatik pasatakoak ziren. Badirudi industrian ere badaudela zailtasunak ondo eta gustura lan egiteko, eta ardiekin lortzen badute gustatzen zaien jarduerarekin bizi ahal izatea, hori baino aukera hobeagorik ez dago.
Hori zuentzako pozgarria izango da.
Dudarik gabe. Nik uste dut azken urte hauetan komunitate polit bat osatzea lortu dugula, sinergiak batu ditugu, Espainia mailan jende asko ezagutu dugu… oso aberasgarria izan da. Eta pertsonalki are eta gehiago, hortik bizi nahi dutenak eta bizi direnak oso pertsona espezialak direlako, naturarekiko lotura estua dutenak, animaliak gustatzen zaizkienak… Oso jende interesgarria da, «kontrakorrientekoa» esango nuke.
Artzain Egunean biltzen dira asko. Artzainen topaleku baino gehiago ba al da egun hori?
Legazpin ospatzen dena Gipuzkoako Artzain Eguna da, baina herriratu egin da, itsasi egin da herrian jai egun hau. Eta kezka bat badago, zerbait gehiago izan behar dela etorkizunean, eta antolatzaileak kontuan hartzen ari dira hori. Nik pentsatzen dut badela garaia beste bultzada bat emateko egun honi.
Zu prest zaude laguntzeko?
Bai, itzalean, baina prest nago.
Igande honetakoa berezia izango zen zuretzat.
Omenaldiagatik, bai. Baina tristura puntu bat ere ematen dizu, agur bat ere badelako, eta seinale delako zahartu egin garela, eta erreleboa emateko ordua iritsi dela. Bestetik, oso pozik ere hartzen duzu, eskolak jende eta profesional onen eskuetan geratu delako. Ziur nago etorkizunean zenbait berrikuntzekin eskolak aurrera egingo duela.
Nola ospatu duzu?
Artzainekin aurreko egunetan eta asteetan egin nituen pare bat bazkari, eta igandekoa familiarentzako gorde nuen. Familia beti izan dut laguntzaile lanbide honetan, batez ere etxekoak, eta andrea bereziki. Meritu galanta du urte hauetan nire lanbidea aguantatu izanagatik.

Artzain Eguneko omenaldian makila bat eman zion Otaegiri Eric Galvez Legazpiko alkateak. ARGAZKIA: Josu Altzelai/Legazpiko Udala













