Bizikletak eta patineteak, Legazpiko Mugikortasun Astearen izarrak
Bizikletak konpontzeko tailerra egongo da gaur plazan, bihar patinetearen inguruko bide hezkuntza saioa egingo da Laubiden, eta ostegunerako, bizikleta martxa dago antolatuta.
Udaltzaingoak patinetea zuzen erabiltzen erakusteko saioak egin izan ditu Legazpin.Tere Madinabeitia Legazpik bat egin du egun hauetan ospatzen ari den Europako Mugikortasunaren Astearekin, eta udalak antolatuta, hainbat jarduera izango dira herrian datozen egunetan. Aurten bizikletak eta patineteak izango dira jarduera horietako izarrak. Ospakizun honen helburua garraio praktika iraunkorragoak sustatzea da.
Gaur izango da lehen ekintza, bizikletak konpontzeko Jarri bizikleta Mugirekin prest tailerra. Herritar guztiei dago zuzenduta, eta 15:00etatik 21:00etara egingo da, plazan. Mugi txartel pertsonalizatua aurkezten dutenei bizikletak konpontzeko oinarrizko zerbitzua eskainiko dien furgoneta-tailerra izango da bertan, Gipuzkoako Foru Aldundiarena. Matxura txikiengatik erretiratuta dituzten bizikletak erabiltzera animatu nahi dira herritarrak horrela. Beste garraiobide batzuk baztertu nahi dira, batez ere ibilgailu pribatua. Doako zerbitzua da, eta Mugi txartel pertsonalizatua duten herritarrentzako da.
Biharko antolatutako ekintza patinetearen inguruan gauzatuko da. Bide hezkuntza saioa izango da, haurrei zuzenduta, batez ere LH4, LH5 eta LH6ko ikasleei. Laubideko oinezko kalean egingo da, 17:30ean hasita. Udaltzainek gidatuko dute saioa. Lehenik, aurretik markatutako eremuan patinetearekin libreki zirkulatuko dute haurrek, eta gero libre ibiltzeak dituen arriskuak erakutsi ondoren, guztien artean arauak jarriko dituzte. Saioari amaiera emateko, mugikortasunerako arauak daudela eta horiek errespetatzen badira arriskua nabarmen murrizten dela ikusaraziko zaie.
Amaitzeko, bizikleta martxa egingo da Legazpin ostegunean, irailak 18. Plazan elkartuko dira partaideak 17:30ean, eta 18:00etatik 19:00etara bitartean ibilaldi bat egingo dute herrian zehar. Hasi aurretik izena eman behar da, amaieran bizikletarako hainbat gailu zozkatuko direlako. Bizikleta eta kaskoa eramatea derrigorrezkoa da, eta herritar guztiei zuzenduta dago.













