Olentzero eta Mari Domingi hasi dira prestatzen Mirandaolako bisitak
Lenbur Fundazioak ireki du aurtengo kanpaina, eta salgai jarri ditu sarrerak. Azaroaren 8an hasiko dira saioak. Aitona-amonen eskolara eta Igartubeiti baserrira bisitak ere eskaintzen ditu, plan osagarri gisa.
Lenbur Fundazioa hasi da Olentzeroren eta Mari Domingiren bisitak prestatzen. Aurtengo kanpaina azaroaren 8ko asteburuan hasiko da, eta Gabon bezperara arte luzatuko da.
“Olentzero eta Mari Domingi berriro Legazpiko bihotzean: euskal Gabonen magia bizitzeko aukera paregabea!” leloarekin egin die deialdia Lenburrek Euskal Herriko haurrei eta familiei, eta dagoeneko salgai jarri ditu sarrerak. Lenburren www.lenbur.com webgunean erosi daitezke, 8,75 euroan.
Urtero 10.000 bisitari
Mirandaolako burdinolan eta inguruan gauzatzen dira Lenburrek 2011n martxan jarritako bisita berezi hauek. Lehen urte hartan herriko eta inguruko familientzat izan ziren bisitak, eta orduan 50 haur inguruk parte hartu zuten. Ordutik hona jarduerak beste dimentsio bat hartzen joan da pixkanaka, eta azken urteotan 10.000 bisitariren bueltan ibili dira, Euskal Herriko txoko guztietatik etorritakoak.
Halako eskaria izanda, Lenbur azaroan hasten da kanpainarekin, eta aurten ere hala egingo du. Azaroaren 8ko asteburuan izango dira lehen bisitak, eta Gabon bezperara arte, astebururo eta jai egunetan izango dira. Egunean 10 txanda izango dira, 10:00etatik 19:00etara, orduero. 18:00ko eta 19:00ko txandak ilunpean izango dira, eta horietan parte hartuko duten haurrei linternak ekartzea gomendatzen diete, “bisita are magikoagoa izan dadin”. Astean zehar, ikastetxeei zuzendutako bisita bereziak ere eskainiko dira.
Legazpiko haurrentzat abenduaren 20ko eta 21eko txandak gorde dituzte.
“Esperientzia magikoa” Mirandaolan
Olentzeroren eta Mari Domingiren ekintza Mirandaolako parkean egiten da. Euskal Burdinaren Museoan hasten da, bi pertsonai horien inguruko ipuin baten kontaketarekin. Ondoren, Burdintxo pertsonaiaz lagunduta, parkera joango dira Olentzeroren eta Mari Domingiren bila. Bisitaren azken partea Mirandaola burdinolan gauzatuko da, eta han haur guztiek aukera izango dute banan bana bi pertsonai horiekin egoteko. Amaieran, danbolinean erretako gaztainak eta patxintxiak jasoko dituzte.
Jarduera osagarriak
Familien eskaerari erantzunez, bisita gehigarriak ere antolatu dituzte, egun osoko plana osatzeko bidea izan dezaten. Alde batetik, aitona-amonen eskola ikusteko aukera izango dute Legazpin bertan, eta bestetik, Ezkioko Igartubeiti baserria ere bisitatu ahal izango dute.
Informazio gehiago nahi izanez gero: 943 73 04 28, www.lenbur.com edo mirandaola@lenbur.com.













