Artisautza bogan dago emakume gazteen artean
Kimu, Pitxiar eta Kiribilak izenen atzean, Legazpiko hiru emakume gazte daude: Maider Eguren, Itziar Kerejeta eta Irati Maiztegi. Belarritakoak, pitxiak eta oihalezko osagarriak egiten dituzte. Azoketan eta sare sozialen bidez saltzen dituzte.
Irailaren 7ko Artzain Eguneko artisau azokan ikusitakoari erreparatuz gero, Legazpin artisautza gazteen artean bogan dagoela esan daiteke. Plazan, udaletxe aurrean jarritako postuen artean, herriko emakume gazterenak ziren hiru. Belarritakoak, beste pitxia batzuk, arropa eta oihalekin egindako osagarriak zituzten salgai.
Hiru artisau gazte horiek Maider Eguren, Itziar Kerejeta eta Irati Maiztegi dira. Azokaz azoka ibiltzen dira hirurak, eta sare sozialak erabiltzen dituzte haien lanen berri emateko.
Kimu proiektua
Maider Eguren duela gutxi egin zen ezagun artisauen eta artisten munduan, egur enborren xafletan egindako margoengatik. Orain, lan horiek erabat alboratu gabe, beste proiektu batean murgilduta dabil. Kimu du izena, eta belarritakoak eta arropa ditu oinarri.
Kimuk sortu berri den adar txikia esan nahi du, eta izen horrekin bere gaztetasunari eta egurrarekin eta zuhaitzekin duen loturari egin nahi izan dio erreferentzia. Erretxinazko belarritakoak egiten ditu, tamaina eta kolore askotakoak, arin-arinak, eta guztiak bitxilore formakoak. «Loreak egiten ditut, naturarekin dudan harreman hori mantendu nahi dudalako», azaldu du Egurenek.
Naturarekin lotura horrek, Eki izenpean diseinatzen dituen kamisetetan eta jertseetan ere jarraitzen du. «Eguzkia ardatz duen diseinua dute, brodatuta, eta taila eta kolore desberdinetakoak dira».
Bai belarrietakoek bai jantziek «harrena ona» izan dute, «batez ere herrian». Azokaz azoka hasi da saltzen, baina Instagramen duen @kimu.diseinuak kontuaren bidez ere saltzen du. Herritik kanpora bidalketak egiteko arazorik ez duela esan du.
Pitxiar belarritakoak
Itziar Kerejetak ere pitxiak egiten ditu, batez ere belarritakoak, baina beste material bat erabiltzen du, buztin polimerikoarekin. «Plastilina moduko bat da, forma ematen zaio, margoekin kolorea nahastu, eta labean, beroarekin gogortzen da materiala», azaldu du. Forma eta tamaina askotako belarritakoez gain, lepokoetan erabiltzeko piezak ere egiten ditu.
Tote bag deituriko oihalezko poltsak ere egiten ditu legazpiar honek, makramearen teknikarekin apaindutakoak.
Pitxiar izena du Kerejetaren proiektuak, eta duela hiru urte sortu zuen. Ordutik, feriaz feria dabil, eta Legazpin bertan, Artain Eguneko topaketan izan da hiru aldiz dagoeneko, Santikutz jaietako ganadu ferian ere bai, eta iaz, baita Kulturen Arteko Egunean ere. Pitxia eta poltsa hauek Instagram bidez ere erosi daitezke, @pitxiar kontuan.
Kiribilak ehungintza lanak
Bestelako artisau lanak egiten ditu Irati Maiztegik. Kiribilak markaren aterpean, gehienbat ehungintza osagarriak egiten ditu, kolore bizidun oihalekin era askotako konbinazioak eginda. «Nezeserrak, diru zorroak, giltzatakoak, txanpon zorroak, betaurrekoentzako estutxeak, mototsetakoak, telefonoak, ordenagailuak edo koadernoak babesteko zorroak, gerriko poltsak…».
Eskaintza oso zabala da, eta ferietan ez ezik, @kiribilak Instagram kontuan eta kiribilak.com webgunean ere ikusi eta erosi daitezke. Bonboi aromatikoak ere baditu aukeran, usaindun kandela txikiak, alegia.
Baina Maiztegik denda fisikoa ere badu, duela gutxi Beasainen irekita. Jose Migel Iturrioz kalean dago, CAFeko porteriatik gertu. Denda bakarrik ez, tailerra ere badu bertan legazpiar honek, «sormen espazio» eta guzti.
Lokalean ikastaroak ere eskainiko ditu, eta larunbatean (irailak 20) izango da bat. Makramearekin ispilu batentzako markoa edo tapiz bat egiteko aukera izango da. Izena dendan bertan edo sare sozialen bidez eman daiteke.













