Euskal Herria eta Mexiko uztartuta
Betzaida Urtazak bi liburu berri kaleratu ditu: ‘Imelda eta Arimen Gaua’ eta ‘Mairuak’. Liburutegiari orain arte argitaratu dituen hemezortzi liburuak dohaintzan eman dizkio.
Betzaida Urtaza Elizburu Legorretako liburutegian.Loinaz Agirre. Betzaida Urtaza Elizburu legorretarrak haurrentzako beste bi liburu idatzi eta argitaratu ditu, 2020an sortu zuen Amesgile argitaletxearen zigiluarekin. Emozioak lantzea, eta kontzientzia eta hausnarketa eragitea helburu dute oraingoan ere bi liburuek. Amesgile.com webgunean eros daitezke.
Imelda eta Arimen Gaua ipuinean Euskal Herria eta Mexiko uztartu ditu Urtazak, Margherita Grassoren ilustrazioekin. «Gure arbasoek nola emigratu zuten lanagatik edo gerragatik, eta orain tokatzen zaie familia guztia itzultzea. Birbilobak beldurra dauka, bere herria, bere lagunak, bere kultura uzteagatik… Baina era berean gogotsu dago Euskal Herriaren parte izateko, bere birraitonarekin hori mamitu duelako». Euskal Herrian ondo moldatuko da Imelda, baina «Arimen Gaua dator, beraien El Dia de los Muertos… oso triste dago eta birraitonak festa bat antolatuko dio…».
Maiuskulaz idatzia dago, irakurle berrienentzat, euskaraz, gaztelaniaz edo elebietan. «Entzuteko ipuinaz gain, margotzekoa ere badauka».
‘Mairuak’
Euskal Mitologiako bildumako laugarren liburua ere argitaratu du, Mairuak, Mirari Sagarzazu Sacristan oñatiarraren ilustrazioekin. Datorren astean, irailaren 24an Legorretan bertan aurkeztuko du, 17:00etan, liburutegian egingo duen ipuin kontaketan. Zuberoan kokatuta dago istorioa. «Denok ezberdinak garela kanpotik, baina barrutik, gauza berdina sentitzen dugula, eta bihotzari kasu egin behar diogula». Entzungarria da ipuina.
Azken bi liburu horiek eta aurretik idatzitako beste hamaseiak, herriko liburutegiari dohaintzan eman dizkio Urtazak.













