Ibon Altzelai izango da Legazpiko EH Bilduren arduradun instituzional berria
Edurne Gonzalezek kargua utzi du, Gipuzkoako Batzar Nagusietako lan taldera joateko. Legazpiko Udaleko zinegotzi izaten jarraituko du.
Legazpiko EH Bilduren lidergoan aldaketa egongo da. Edurne Gonzalez Elorzak Gipuzkoako Batzar Nagusietako lan taldera egingo du salto, eta Ibon Alzelaik hartuko du tokiko taldearen gidaritza. Goierri garaiko EH Bilduk “positiboki” baloratu du eskualdeko kide batek Batzar Nagusietan parte hartzea.
Gonzalezek adierazi duenez, “ilusioz” heldu dio erronka berriari: “Udalgintza gertutik ezagutu dut, orain Gipuzkoatik ekarpena egiten saiatuko naiz”, azaldu du.
Gogorarazi duenez, 2023ko udal hauteskundeetan EH Bilduk garaipena lortu zuen Legazpin, herritarren gehiengoaren babesa eskuratuz. Ordutik, “udal jarduna herritarren beharrak entzun eta erantzuteko helburuarekin” bideratu dutela nabarmendu du.
Legealdi honetako lehen bi urteetan egindako lanaren artean, hainbat ekimen nabarmendu ditu Gonzalezek: “Fiskalitate justua bultzatzeko, hobari sistema progresiboa proposatu dugu ordenantza fiskaletan. HAPOaren aurrerapen dokumentuari egindako alegazioak eta horietatik abiatuta, lokal hutsak biziberritzeko proposamena landu genuen. Mugikortasunaren alorrean, GO07 autobusa Legazpitik abiatzeko hainbat ekimen egin ditugu, eta Telleriarte-Brinkola arteko segurtasuna hobetzeko proposamena aurkeztu dugu. Kirol arloan, berriz, euskararen erabilera sustatzeko diru laguntzak, azpiegituretan genero ikuspegia txertatzeko eskaera, edo kiroldegiko harmailetarako sarbide zuzena proposatu ditugu. Gainera, 2023an EH Bilduk behin eta berriz eskatutako Kirol Orientaziorako zerbitzua martxan jarri da”.
Gonzalez Gipuzkoako Batzar Nagusietara joango da lanera, baina ez du utziko Legazpiko Udalean duen zinegotzi kargua.
Altzelairen helburuak eta erronkak
Orain, Ibon Altzelaik hartuko du Legazpiko EH Bilduren ardura. Altzelairen esanetan, 2025eko aurrekontuen negoziazioetan udal gobernuak elkarlanean aritzeari uko egin izanak kezka eragiten du: “Uste dugu Legazpik datozen urteetan dituen erronkei aurre egiteko kolaborazio harreman bat beharrezkoa dela”.
EH Bildurentzat lehentasunezko gaiak zeintzuk izango diren ere zehaztu du: “Etxebizitza, erronka eko-soziala eta zaintzaren erronka”. Bereziki, paper fabrikaren eremuko operazioaren inguruan arduratuta agertu da. “Udalak eremu guztia bere jabetzan hartzea eta ondoren, Lenburrekin hitzarmen bat egitea beharrezkoa dela uste dugu”, azpimarratu du.
Halaber, zaintza sistemaren garapena eta zaintza ereduaren definizioa ere helburu nagusien artean kokatu ditu. Horrez gain, “erronka eko-sozialean aurrera egiten jarraitu behar dugu, energian, landa eremuaren garapenean edo tokiko merkataritzan proposamenak eginez”.
Amaitzeko, taldeak adierazi du “legazpiarren bizitzak hobetzeko eta gizarte berdinzaleago baten alde” lanean jarraituko dutela, “eraginkortasunez, zorroztasunez eta seriotasunez”.













