Iraganera bidaiatzeko aukera Lenbur fundazioaren eskutik
Garai bateko objektu arrunten erakusketa jarriko du ikusgai ostiralean, Fabrika gunean. Asteburuetan egongo da ikusgai, urriaren 5era arte.
Lenbur Fundazioak erakusketa berri bat antolatu du Txillida Lantokiko Fabrika gunean, eta iraganera bidaia proposatuko du bertan, garai bateko objektu arrunten bidez. Iraganera bidaia. Objektuak gizartearen isla da erakusketaren izenburua, eta ostiralean, hilak 19 irekiko da, 18:30ean.
Asteburuetan egongo da ikusgai, urriaren 5era arte: ostiraletan 17:00etatik 19:00etara, larunbatetan 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 19:00etara, eta igandeetan 11:30etik 13:30era. Sarrera doan izango da.
Erakusketa honekin, markek zuten garrantzia eta material berrian iritsiera azalduko dira. Gainera, hausnarketarako espazioa da, eta kontsumoa, birziklapena, genero berdintasuna eta bestelako gai batzuk jorratuko ditu.
Markak eta material berriak
Industria-iraultzak aldaketak ekarri zituen eguneroko objektuak ekoizteko moduan. Industriaren mekanizazioari esker, eguneroko objektuak eskala handian ekoiztu ziren, eta horrek kostuak murrizteaz gain, produktuak irisgarriago bihurtu zituen. Produktu berriei marka jarri zitzaien besteengandik bereizteko, eta objektu berriak pixkanaka sartu ziren etxeetan: garbigailua, hozkailua, telebista, telefono finkoa… Gainera, ezinbesteko bihurtu ziren.
Markek nolabaiteko iraultza bisual bat eragin zuten, eta publizitatearen bidez, artea demokratizatzen hasi zen. Ordura arte, herritarrak ez ziren museoetara joaten, artea gutxiengo batentzat gordeta zegoen. Baina markei esker, herrietako kaleak eta dendak errotulu koloretsuz bete ziren, eta artistak kartelak margotzen hasi ziren. Marken publizitatean emakumeek paper berezia izan zuten.
Bestalde, 1960ko hamarkadan kontsumoa irauli zuen material berri bat agertu zen, plastikoa, edozertarako erabiltzen hasi zena. Arropa bera ere plastikozkoa izaten hasi zen, eta galtzerdiak, adibidez, nylonezkoak ziren, kamisetak poliesterrezkoak, eta prakak tergalezkoak.
Altzariak formikakoak egiten hasi ziren, eta 1960ko hamarkadan sukalde guztietan instalatu zen material garbi eta erresistente hori. Plater hautsezinak ere sortu ziren, hala nola Duralex edo Arcopal, eta Tupperwareak izar bihurtu ziren.
Herritarren parte hartzea
Erakusketa hau antolatzeko herritarren laguntza izan du Lenbur Fundazioak. Hainbat talderen lanari esker, objektuak hautatu eta horiei buruzko informazioa lortu dute.
Gogorapen tailerra: Konta iezadazu! izeneko lanketa ere egin dute. “Objektuek memoria pizten dute eta oroitzapenak berpizten dituzte”, eta eguneroko bizitzako objektuekin lotutako tokiko pasarteak eta istorioak bildu ditu horrela. Belaunaldien arteko zubiak eraikitzeko balio izan dien lanketa horrek, adinekoen eta hezkuntza zentroak jarri dituelako aurrez aurre.













