Legazpiko Erreka Eguna, irailaren 27an
Parte hartzeko izena emateko epea irekita dago, hilaren 23ra arte. Barrendiolako araztegia bisitatzeko aukera izango da aurten, urriaren 4an.
Iazko Erreka EgunaLaida Goiburu Hurrengo asteko larunbatean, irailaren 27an, ospatuko da Erreka Eguna Legazpin. Urtero bezala, udalak eta ikastetxeek antolatu dute, eta aurten jarduera osagarri batekin dator, urriaren 4an, larunbatarekin hori ere, Barrendiolako araztegia bisitatzeko aukera izango delako.
Izena emateko epea irekita dago, eta telefonoz edo aurrez aurre egin daiteke, udaletxean. Telefonoz apuntatu nahi izanez gero, 943 73 720 30 zenbakira deitu behar da, edo 010 zenbakira herritik bertatik deitzen bada. Ikastetxeetan ere eman daiteke izena. Azken eguna hilaren 23a da, asteartea.
Erreka eguna
Erreka egunean Urola ibaia garbituko da. Horretarako, tramuak markatuko dira, eta tarte bakoitzean talde bat arituko da, “ibaira iritsi behar ez zuten elementu arrotz guztiak” kentzen, hau da, plastikoak, metalak, trasteak… Hitzordua 09:30ean izango da. Euskal Herria plazan.
Errekaren ertzetik ibiltzeko arropa eta oinetako egokiak eraman beharko dira, eta udalak eskularruak eta zabor poltsak jarriko ditu. Garbiketa lanak amaitzean Azokan elkartuko dira guztiak, eta goizean bertan utzi ahal izango dira ordezko arropak edo oinetakoak.
Araztegiko bisita
Barrendiolako araztegiko bisitan, berriz, bertan lan egiten duen teknikariak urtegiko ura etxeetara iritsi aurretik nola arazten den erakutsiko du.
Goizez egingo da bisita, baina oraindik ez da zehaztu ordua..













