Loreak ere neguari begira jarri dira
Mendiko angulak iritsi dira, perretxikoen atala aberasteko. Onddoek eta ziza horiek osatu dute eskaintza mikologikoa.
Udazkena bertan da, eta gaur goizeko behe lainoa joandakoan geratu den eguraldiak bestelakorik iradoki badu ere, Plaza Nagusiko eta Zuhaiztiko produktu eskaintza urtaro berriari begira jarrita dago. Loreek ere aldatu dute denboraldia, eta egun hotzetan pentsatzeko garaia dela erakusten hasiak dira.
Loreetan oso nabarmen geratu da urtaro aldaketa datorrela. Iñaki Azanzaren postuak kolore biziz beteta jarraitzen du, baina kolore hori neguko loreena da dagoeneko. Ziklamena (4,5 eta 7 euro artean), txilarra (8,5 euro), pentsamendua (1,5 euro), krisantemoa (5,5 euro) eta azalea (9,5) hasi da saltzen, eta datozen asteetan hotzari aurre egiteko prestatuta dauden landare eta lore gehiago izango dituela aurreratu du.
Lore moztuetan ere izan da aukera gaurko ferian. Zurutuza ahizpek daliak, margaritak, rudbeckiak eta udazkeneko anemonak eskaini dituzte sortak egiteko, sorta 5 euroan.
Udakoak oraindik ere salgai
Plaza Nagusiko beste postuetan ere agerian geratu da udazkenaren gertutasuna, babarrun, kuia, hur eta arto opila bezalako produktuekin, baina uda oraindik ez dela amaitu erakusteko, piperrak, kuiatxoak, lekak edo tomateak izan dituzte. Azken horien artean, denboraldia amaitzear denean iritsi dira gerezi edo cherry motakoak. Zurutuza ahizpek zituzten, kiloa 8 euroan.
Leka mota berri bat ere aurkeztu dute gaur, borobila eta beltza. Maria Jesus Oriak zuen, kiloa 5 euroan.
Eta udazkenarekin lotutakoa da baita ere kontserbak egiteko ohitura. Sagar eta irasagar dultzea egiten hasita daude fruta horiek etxean dituztenak, baita marmeladak prestatzen ere. Miren Jauregi da horietako bat, eta pikuarekin eta sagarrekin egindakoa du salgai, potea 2,5 euroan.
Mendiko angula eta mandarina
Perretxikoen atalean ere izan dira berritasunak. Mikel Lasaren eta Miren Pagolaren postuan urteko lehen mendiko angulak izan dituzte salgai, hamar kilo, 32 euroan bakoitza.
Barcinarekin batera 115 kilo onddo ere eskaini ditu (kiloa 28 eta 36 euro artean), baita 40 kilo ziza hori ere (19-22 euro).
Eta Zuhaiztira ere iritsi dira berritasunak. Fruta saltzaileen postuetan lehen mandarinak ikusi dira, oraindik horiak, oso gozozaleak direnentzako ez aproposak oraindik (1,95-3,5 euro).





















