Unai Garitanori omenaldia egin dio udalak
Legazpiarrak kenpo kai arte martzialeko munduko txapelketa irabazi du abuztuan. Udal agintariek eta herritarrek gaur iluntzean omendu dute, goraino bete den udaletxeko batzar aretoan.
Unai Garitano Lauroba udalak egin dion omenaldian, aurreskua dantzatu aurretik.Tere Madinabeitia Munduko txapelketa ez da askotan irabazten, eta horrelako titulua lortzeak merezi du omenaldi bat. Legazpiko Unai Garitano Laurobak gaur arratsaldean jaso du kenpo kai arte martzialetan lortu duenari dagokion aitortza hori. Udalak eskaini dio, legazpiar guztien izenean, goraino bete den udaletxeko batzar aretoan.
Eric Galvez alkateak gidatu du omenaldia-ekitaldia. Legazpi osoaren izenean zorionak eman dizkio kirolariari hasteko, baita defentsa pertsonaleko kategorian lortu duen titulu horretan bikote izan duen Itsaso Legorburu getariarrari ere. Lorpen hori “ahaleginaren fruitua, diziplinaren emaitza, eta gainditzeko gogoaren adierazpena” dela adierazi du alkateak, eta mezu bat zabaltzen duela nabarmendu du: “sinisten duenak lor dezake, lan egiten duenak lor dezake, diziplina jarraitzen duenak lor dezake”. Gainera, Gritanori esan dio bere izenak aurrerantzean Legazpi osoa ordezkatuok duela, “herrian, Euskal Herrian eta mundu osoan”. Berea, familiarekin, lagunekin, entrenatzaileekin partekatzen den garaipena dela ere esan dio, eta horren atzean dagoena gainerako herritarrentzako inspirazioa izango dela erantsi du, batez ere gazteentzat.
Ondoren, Legazpiko Kenpo Kai-Bushido taldean entrenatzaile duen Mikel Arangurenek hartu du hitza, eta nabarmendu du klubaren baitan jorratzen dituzten diziplina edo errespetua bezalako balioetan Garitano “eredu bat” dela, eta horregatik eskerrak eman dizkio eta lortutako tituluagatik zoriondu du.
Omenaldia amaitzeko, aurreskua dantzatu diote bi dantzarik Legazpiko txapeldunari.

Unai Garitano munduko txapelduna, Mikel Aranguren entrenatzailearen eta Eric Galvez alkatearen erdian.













