2,2 tona zabor atera dituzte Ordizian Oria ibaitik, eta Amundarain eta Mariarats erreketatik
Amundarain errekan inoiz baino zabor gehiago jaso dela jakinarazi du garbiketa egiten duen Txukun Lorazaintza S.L. enpresak.
Amaitu dituzte Ordizian Oria ibaia eta Amundarain errekaren eta Mariarats errekaren garbiketa lanak. Udalak jakinarazi duenez, guztira, 2.250 kilo zabor jaso dituzte: %50a errefusa, %20a egurra eta %20a plastikozkoa, %10a txatarra.
Beste datu bat ere eman dute: Amundarain errekan inoiz baino zabor gehiago jaso dela jakinarazi du garbiketa egiten duen Txukun Lorazaintza S.L. enpresak. Iaz egindako garbiketan 1.900 kilo zabor atera zituzten. “Datuak ez dira onak, eta hausnarketa egin behar dugu. Gure erreka eta ibaiak garbi mantentzea beharrezkoa da. Itsasoa urruti ikusten badugu ere, hemengo zabor guztiak bertara heltzen dira, izugarrizko kalteak eraginez. Arduraz jokatzeko deia egiten dugu, gure ibai eta errekak garbi manten ditzagun”, gaineratu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak.
30 tonatik gora
2018 eta 2025 urteen artean egindako garbiketa kanpainetan guztira 30.550 kilogramo zabor jaso dituzte.












