«Gazteak zinemara erakartzeko erronka handia dugu»
Asteburu honetan hasiko da zinema denboraldia Latxartegi aretoan. Jaione Mujika Zufiria arduratuko da berriz ere proiekzio makinaz. Latxartegi 1991n ireki zutenetik dabil lanean zinema aretoan.
Jaione Mujika Zufiriarena Latxartegiko zinemarekin lotzen den izena eta aurpegia da Legazpin. Aretoa 1991n ireki zutenetik dabil lanean han, hasieran leihatilan bakarrik, azken urteetan baita proiekzio makinan ere. Denboraldi berrian ere bera arduratuko da sarreren salmentaz eta filmak proiektatzeaz.
Noiztik egiten duzu lan Latxartegin?
Aretoa 1991ko abenduan ireki zutenetik. Andoainen Irudia eta Soinua ikasi nuen, eta Legazpiko Lantegi Eskolan eta Gasteizko argazki denda batean bideo klaseak eman eta gero, herrian ireki behar zuten aretoan lan egiteko deitu zidaten.
Zein lan egiten zenuen hasieran?
Leihatilan egon nintzen, eta handik 15 urtera hasi nintzen proiektatzen. Hasieran Karmelo Pascual eta Errikarte Agirre arduratu ziren proiekzioez. Errirekin hasi nintzen ikasten, hasieran filmak muntatzen, eta gero proiektatzen ere bai.
Zer egin behar zen orduan filma bat proiektatzeko?
Filmak bobinetan etortzen ziren, bitan edo gehiagotan, zintak ziren. Haiek, proiekzio makinan jartzen zen bobina bakar batera pasatu behar izaten ziren, eta proiekzio guztiak amaitutakoan, berriz ere jatorrizko bobinetara pasatu. Makinan zintak ibilbide bat egiten zuen, eta hasieran ondo jarri behar zen, denak ondo kuadratzeko. Gero botoi bati eman, eta hori zen guztia, bakarrik joaten zen, baina gainean egon behar zen, zerbait gertatzekotan, konpontzeko. Ez zuen aparteko misteriorik, baina bere ardura zuen.
«Errik utzi zuenean, ni hasi nintzen proiekzioekin, eta gaur egun hala jarraitzen dut, lehenik leihatilan sarrerak saltzen, eta gero, proiekzio makinan»
Gaur dena digitalizatuta dago.
Bai, ordenagailuarekin egiten da guztia, eta filmak disko gogor batean edo internet bidez bidaltzen dituzte, gero proiektorearen bidez emateko. Disko gogorrean bidaltzen dutenean, ordenagailura deskargatu behar izaten da, eta batzuetan denbora dezente behar dute horretarako. Bobinekin baino denbora gehiago behar da orain.
Kalitatean nabaritu al da digitalizazioa?
Nik ezetz esango nuke. Lehen ere ondo ikusten ziren.
Urte hauetan guztietan nagusi bat baino gehiago izan dituzu.
Lehen urtean Zine Klub Legazpi arduratu zen zinemaren kudeaketaz. Gero udalak enkantean atera zuen, eta Usoa Urbietak hartu zuen zerbitzua, 15-bat urterako. Gero Bilboko enpresa batek hartu zuen sei hilabeterako, ondoren Legazpiko Javier Arrieta urte batzuetarako, zine klub taldeak berriz ere, Alfonso Benegas zinema enpresariak… eta aurtengo apirilean, Zumarragako HTK Film enpresak hartu du. Aurrerantzean hori arduratuko da zinemaz Legazpin.
Nolakoa izango da denboraldi berria?
Asteburu honetan hasiko da, eta larunbat, igande eta astelehenetan egongo dira saioak 19:30ean, eta igandeetan 17:00etan haurrentzat. Sarrera sei eurokoa da orokorra, umeena 4 eurokoa, eta astelehenetan, ikuslearen eguna denez, 4 eurokoa. Gainera, +65 urte promozioari esker, 65 urtetik gorakoek 2 euro ordainduko dute larunbatetan.
Prest al dago lehen saioetarako kartelera?
Asteburu honetako hiru saioetan Sin cobertura emango dugu, eta publiko guztiarentzako filma denez, ez da haurrentzako saiorik egongo igandean. Hurrengo asteburuan Jone, batzuetan botako dugu, eta Los Pitufos haurrentzat.
Zineklub saiorik izango al da?
Bai, hilean bitan, ostiraletan, 19:00etan. Hor ere sarrera sei eurokoa izango da.
«Orain ez da lehen bezala, askoz ere jende gutxiago etortzen da, eta azkenaldian lehia handia dugu plataformekin»
Asko aldatu al da zure lana?
Ez. Errik utzi zuenean, ni hasi nintzen proiekzioekin, eta gaur egun hala jarraitzen dut, lehenik leihatilan sarrerak saltzen, eta gero, proiekzio makinan. Atean Mikel Egaña egoten da. Ni ere egon izan naiz atean batzuetan.
Eta publikoa, aldatu da?
Azken aldian gehiago etortzen da. Pelikula estiloa aldatu egin da, zineklubekoek zeramatenean baino komertzialagoa da, eta nabaritzen da. Gainera, pelikulak estreinaldiaren egunean bertan ikus daitezke Legazpin, edo egun gutxitara, ez lehen bezala, bi edo hiru hilabetera heltzen zirela. Eta Latxartegin, sarrerak hiriburuan baino merkeagoak dira.
Hala ere, jende gutxiago joaten da zinemara.
Bai. Latxartegi ireki zenean arrakasta handia izan zen, eta jende asko etortzen zen. Titanic, adibidez, lau asteburutan jarraian eman genuen, ostiral, larunbat, igande eta astelehenetan, arratsaldeko eta gaueko saioetan, ikusle asko eta asko zegoelako. Hura boom bat izan zen. Filmaren batekin saio estraren bat eman dugu, baina hura ez da berriz gertatu. Orain ez da lehen bezala, askoz ere jende gutxiago etortzen da, eta azkenaldian lehia handia dugu plataformekin. Hori dela eta, gazteak ez dira zinemara etortzen. Gazteak zinemara erakartzeko erronka handia dugu.












