Kateorratz taldearen pregoiarekin hasiko dira bihar Itsasondoko jaiak
Ijittoren jaitsieraren ondoren Itsasondo-Arama derbia izango da. Bihar kuadrilla eguna da, eta larunbata, mozorro eguna. Larunbat gauean itzulerarako autobus bereziak jarri dituzte.
Kateorratz taldeko hainbat partaide Kateorratz taldeko kakorratzlariek hariak etxean utziko dituzte bihar, herriko jaiei hasiera emango dien pregoia irakurri eta festaz gozatzeko. 18:00etan igoko dira udaletxeko balkoira eta ondoren, Ijitto jaitsiko dute festei ofizialki hasiera emanez.
18:30ean, berriz, 2011az geroztik egiten ez den ekintza bat berreskuratuko dute: Itsasondo eta Arama arteko futbol derbia. Iker Mendizabalek gogoratu duenez, 1999 eta 2011 bitartean jokatu zituzten derbiak, bi herrietako jaietan. «Aramako eta Itsasondoko taldea Ataungo txapelketa batean apuntatuta geunden, eta beti multzo desberdinetan tokatzen zitzaigun. Ni zinegotzi nengoen, Aramako beste bi ere bai, eta bi herrietako festetan derbia antolatzea erabaki genuen, herriarteko harremana lantzeko helburuarekin».
Aurten, Itsasondoko gazteen ekimenez berreskuratu dute futbol derbia. Bi herrietan taldeak osatzeko deialdia egin eta bi talde osatu dira, 15 urtetik gorako jokalariz osatua. Baldintza, taldeak mistoak izatea. Hogei minutuko bi zati jokatuko dituzte. Ostiralean jokatuko da joaneko partida Itsasondon; bigarrena, itzulerakoa, Araman, San Martin jaietan.
Gaueko autobusa
Autobus zerbitzu berezia jarri dute larunbat gauean, itzulerarako. Ordiziara eta Beasainera joango diren autobusak 01:13, 02:58 eta 04:32an aterako dira Itsasondotik. Legorretara joateko, berriz, 00:55, 02:40 eta 04:15ean.

2011n jokatu zen azkenekoz Itsasondo-Arama derbia.
Egitaraua
Gaur
- 17:00. Haur tailerra.
- 18:00. Mahai jokoak eta askaria jubilatuetan.
Bihar, kuadrilla eguna
- 16:30. Zinta karrera eta askaria.
- 18:00. Pregoia eta Ijitto jaitsiera. Ondoren, buruhandiak.
- 18:30. Itsasondo-Arama futbol derbia.
- 21:00. Herri afaria.
- 23:30. Kontzertuak: Kaleko Urdangak eta Rebel Noise.
- 01:00. DJ Bull.
- Goizaldera: Baratxuri zopa eta txokolate jana.
Larunbata, mozorro eguna
- 09:00. Goiz eresia.
- 12:00. Beitiko igoera.
- 14:30. Paella jana.
- 17:00. Kalaka jolasak.
- 19:00. Ijitto Show eta mozorroen diploma banaketa.
- 20:30. Hanburgesa jana.
- 22:00. Muxutruk erromeria.
- 01:00. Pottokis DJ-ak.
Igandea
- 09:00. Goiz eresia.
- 11:00-13:00. Puzgarriak frontoian.
- 12:00. Hamaiketakoa plazan.
- 15:00-17:00. Puzgarriak frontoian.
- 18:00. Pilota partida eta frontenis txapelketako finala.
- 19:30. Ijittoaren igoera.












