«Euskal Herrian bat baino gehiago geratuko da shock-eatuta»
Jose Mari Goenaga ordiziarrak eta Aitor Arregik zuzendutako ‘Maspalomas’ filma aurkeztuko dute igandean Donostiako Zinemaldian, Sail Ofizialean. Jose Ramon Soroiz legorretarra da protagonista nagusia.
Aitor Arregi (aurrean) eta Jose Mari Goenaga (atzean), 'Maspalomas' pelikuaren filmaketan.Moriarti «Vicentek 76 urte ditu eta azken mende laurdena Kanaria uharteetan darama, Maspalomas herrian, 50 urteko bizialdian ezkutatu duen izatea haizatzen: homosexuala da. Ezbehar baten eraginez, Donostiara itzularaziko dute, eta zahar etxe batean sartuko. Atzera ere, armairuko ateak zabaldu eta bertan ezkutatuko da». Horixe dio Maspalomas filmaren sinopsiak. Vicente, Jose Ramon Soroiz legorretarrak antzeztu du. Irailaren 26tik aurrera zinema aretoetan ikusteko aukera izango da Moriartiren azken filma.
Zuk idatzitakoa da gidoia. Zein mezu eman edo zein gogoeta eragin nahi izan duzu?
Artikuluren batean irakurri nuen nola LGTBI+ kolektiboko batzuei zer gertatzen zitzaien eta iruditu zitzaidan horri buruz istorio bat egitea interesgarria zela. Zeri buruz hitz egiteko? Alde batetik, armairuei buruz. Nola batzuetan pentsatzen dugun erabat kanpo gaudela armairu batetik baina errealitatean ez zara sekula guztiz ateratzen. Zure esku dago ea ateratzen zaren momentu bakoitzean edo ez… Gauzak ez dira txuri edo beltz. Armairutik atera naiz eta kito. Baizik eta errealitatea askoz ere konplexuagoa da.
Bi gai landu dituzu, homosexualitatea eta zahartzaroa.
Bi estigma horiei buruz hitz egiten du pelikulak. Batetik, homosexualitatea eta bestetik zahartzaroa. Azkenean, pelikula honetan agertzen den zahar egoitza hori nolabait gizartearen metafora bat ere bada. Nolabait, guztia homogeneizatzeko joera duen gizarte bat. Aldez aurretik suposatzen dugu jende guztia izango dela heterosexuala, aldez aurretik suposatzen dugu jende helduak ez duela sexu bultzadarik. Eta zure esku dago eskua altxa eta esatea, ni ez naiz horrelakoa: ni homosexuala naiz, edo sexu inpulsoak dauzkat.
76 urteko Vicente, Jose Ramon Soroiz legorretarra da. Gidoia idatzi zenuenean, berarengan pentsatuta idatzi zenuen?
Gidoia idatzi nuenean Jose Ramon nuen buruan. Egia esan, Euskal Herrian daukagun aktorerik onenetakoa da, oso ezaguna Euskal Herrian. Baina ez hain ezaguna hemendik kanpo. Telebistan euskaldunontzat gauza esanguratsu asko egin ditu, belaunaldi desberdinentzat gainera. Batzuentzat Jose Lontxo izango da, beste batzuentzat Arizko Lehendakaria, beste batzuentzat Martin edo gazteentzat orain, Irabazi arte-ko aitona. Nahi genuen nolabait, berarekin zinean zerbait berezia egin. Eta uste genuen berak, berez, bere begiradan, bere presentzian bazuela Vicente aberasteko aproposak ziren gauza asko. Hasieratik argi izan genuen Vicente bera izatea nahi genuela, eta horrela planteatu genion berari.
“Gidoia idatzi nuenean Jose Ramon nuen buruan”
Zer esan zizuen?
Lehenengo bilera berarekin izan zen pelikula errodatu baino ia urtebete lehenago. Berak gauza bat esan zigun: ‘prentsa askorik ez dut egin nahi…’ Guk erantzun genion: ‘guk zu nahi zaitugu, beraz zuk jarri baldintzak eta aurrera joango gara horrekin’.
Orduan istorioa kontatu genion baina ez genion esan sexu eszena asko zegoenik. Gidoia bidali nionean emailean jarri nion, ‘barkatu, ez genuen komentatu, baina ikusiko duzu gidoia irakurtzerakoan sexu eszenak daudela… Baina hitz egingo dugu horri guztiari buruz’. Guk azaldu genion, guretzat oso garrantzitsua zela sexua pelikula honetan, baina noski, berarekin adostutako zerbait izan behar zuela eta joango ginela hitz egiten. Berak ulertu zuen, eta esan zigun gainerakoan bere pertsonaia egiten bere burua ikusten zuela eta aurrera jo genuen.
Aurreko elkarrizketa batean komentatu zenigun, Jose Ramonek ‘bordatu’ egiten duela bere lana.
Orain publikoak esan beharko du, baina justu Nagorerekin [Aranburu] nago Bartzelonan eta berak esaten du Jose Ramonek egin duela oso lan eskuzabala. Dena eman du. Bai fisikoki, bai psikologikoki oso eskuzabala izan da eta espero dezagun hori nolabait pantailan ikustea.
Hemendik aurrera orduan, Jose Ramon Vicente bezala ezagutuko da?
Ez dakit, baina nik uste dut Euskal Herrian bat baino gehiago geratuko dela shock-eatuta, ez gaudelako ohituta Jose Ramon Soroiz horrelako erregistro batean ikustera.
Euskaraz filmatu duzue.
Bai. Zatiren bat edo elkarrizketaren bat gazteleraz ere badago, baina gehiengoa euskaraz da. Guretzat euskarara itzultzea izan da. Oso pozik gaude. Guretzat etxean lan egitea bezala izan da. Hemengo aktoreak asko ezagutzen ditugu. Kandido Uranga ez genuen ezagutzen. Lehen aldiz lan egin dugu berarekin eta izugarrizko pertsonaia egiten du. Orokorrean, etxean lan egitea bezala da eta oso eroso sentitzen gara beti euskaraz lan egiten. Espero dezagun etorkizunean ere jarraitzea.













