Global Sumud Flotillaren aldeko Ordiziako Udalaren adierazpen instituzionala
EH Bildu, EAJ, Ordizia Orain-Elkarrekin Podemos eta PSE-EEk adierazpen instituzionala onartu dute aho batez, Global Sumud Flotillari "babes osoa" adierazi eta "haren lan humanitarioa eta baketsua aitortuz".
Ordiziako udaletxea.Loinaz Agirre. Ordiziako Udala osatzen duten EH Bildu, EAJ, Ordizia Orain-Elkarrekin Podemos eta PSE-EEk adierazpen instituzionala onartu dute aho batez, Global Sumud Flotillari “babes osoa” adierazi eta “haren lan humanitarioa eta baketsua aitortuz”.
Honela dio adierazpenak hitzez hitz:
“Global Sumud Flotilla giza eskubideen aldeko aktibistek, erakunde zibilek eta mugimendu solidarioek bultzatua, Gazari ezarritako legez kanpoko blokeoa hausteko, eta biztanleria palestinarrari, funtsezko laguntza humanitarioa emateko nazioarteko ahalegin baketsu eta humanitarioa da, okupazio- eta gatazka-urteek larriagotutako krisi humanitarioa pairatzen ari baita, gaur egun nazioarteko adituek genozidiotzat jotzen dutena pairatuz.
Ekimen hau, nazioarteko zuzenbidean eta Nazio Batuen Gutunaren, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren eta Genevako Konbentzioen printzipioetan kokatzen da, bizitza zibila babestera eta gatazka-guneetan laguntza humanitariorako sarbidea bermatzera behartzen baitute.
Hala ere, Global Sumud Flotillako aktibistak mehatxu larriak jasaten ari dira Israelgo Estatuaren eta inguruko indar sionisten aldetik, euren bizitzak ere arriskuan jarriz. Mehatxu horiek indarkeria-ekintzetan gauzatu dira, Tunisiako portuan jasandako bi eraso terroristetan, tartean zeuden pertsonen segurtasuna arriskuan jarri dutenak eta misio baketsu horren garapena oztopatu dutenak. Ekintza horiek nabarmen urratzen dute nazioarteko zuzenbide humanitarioa, eta beti defendatu behar ditugun balio demokratikoei eta bake-balioei irain egiten diete.
Justizia sozialaren, nazioarteko elkartasunaren eta giza eskubideen defentsaren printzipioekin lerrokatuta, gure ustez, nahitaezkoa da erakunde publikoek erabakitasunez jokatzea, pertsona aktibista horiek babesteko eta bakea sustatzen duten ekimenak babesteko.
Horrregatik guztiagtik:
Ordiziako Udala osatzen dugun udal taldeetako bozeramaileen batzordetik aho batez honakoa adierazi nahi dugu:
1. Global Sumud Flotillari babes osoa ematen diogu, haren lan humanitarioa eta baketsua aitortuz, Palestinako herriaren sufrimendua arintzeko eta nazioarteko zuzenbidearen errespetua sustatzeko funtsezkoa den nazioarteko elkartasun-ekintza gisa.
2. Erakunde publiko guztiei eskatzen diegu, Europar Batasuna, Diputatuen Kongresua, Eusko Legebiltzarra, Gipuzkoako Foru Aldundia barne, beren babes esplizitua adieraz dezatela Global Sumud Flotillari zuzendutako komunikazio ofizial baten bidez, ekimen horren baldintzarik gabeko babesa adieraziz eta haien aurkako edozein indarkeria- edo larderia-egintza gaitzetsiz.
3. Erakunde horiek eskura dituzten bitarteko eta baliabide guztiak Global Sumud Flotillako aktibisten osotasun fisikoa eta bizitzak babesteko jar ditzatela eskatzen dugu, neurri diplomatikoak, legezkoak eta segurtasunekoak barne, Israelgo Estatutik eta indar sionistetatik datozen mehatxu larriei erantzuteko.
4. Ordiziako Udalak konpromisoa hartzen du Adierazpen Instituzional hau aipatutako erakundeei eta Global Sumud Flotillari bidaltzeko, eta kausa palestinarrarekiko sentsibilizazio- eta elkartasun-ekintzak sustatzeko, giza eskubideen printzipioekin bat etorriz”.













