Goierriko pentsiodunak, Donostiako manifestazioan
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren esanetan, "Eusko Jaurlaritzak, PSE-EEk eta EAJk osatzen dutenak, inolako oinarri zehatz, arau, datu ekonomiko eta gizarte oinarririk gabe erabaki du herritarren parte-hartzeari (145.142 sinadura), betoa jartzea".
Euskal sindikatuen gehiengoaren babesarekin, Donostian manifestazioa egin du gaur goizean Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM), eta tartean izan dira Goierritik joandakoak ere. Gutxieneko pentsioa lanbide arteko gutxieneko soldataren parekoa izan dadin aldarrikatu dute beste behin ere. EHPMren esanetan, “Eusko Jaurlaritzak, PSE-EEk eta EAJk osatzen dutenak, inolako oinarri zehatz, arau, datu ekonomiko eta gizarte oinarririk gabe erabaki du herritarren parte-hartzeari (145.142 sinadura), betoa jartzea”.
Era horretan, gaurko manifestazioan ondorengoa eskatu diete EAJri eta PSE-EEri: “Ez dezatela bere egin konprometitzen ez dituen gobernuaren erabaki bat, eta bozka dezatela hurrengo osoko bilkuran gure proposamena aintzat hartzearen alde, Legebiltzarrean eztabaidatu eta bozka dezaten”.
EHPMren ustez, “Legebiltzarrak ezin du gure proposamena likidatu eztabaidatu gabe eta desnaturalizatu. Horregatik jotzen dugu EAJra eta PSEra. Adineko pentsiodunekiko errespetuagatik eta Herri Ekimen Legegileak jasotako babesa masiboagatik, Legebiltzarrean izapidetzeko onartzearen aldeko botoa eman behar dute. Legebiltzarrak ezin dio utzi bizitza-baldintza duinak lortzeko diru-sarrera nahikorik ez duten ia 100.000 pentsiodunen bizi-baldintzei eragiten dien eztabaida baztertu, kontraesanean dago lehendakariak eta bere gobernuak herritarren parte-hartzearen alde egindako adierazpenekin eta hori sustatu nahi duen HELren Legearekin ere bai”.
Ostegunean Gasteiza
Irailaren 25ean, berriz, Gasteizko legebiltzarraren aurrean elkartuko dira, eta 12 euroan jarriko dute autobusa Goierritik. 09:00etan, Beasaingo Usabiaga enpresa paretik abiatuko da autobusa. Itzulera 15:00 aldera izatea aurreikusten dute. Bertaratu nahi duenak, irailaren 22a (astelehena) baino lehen eman beharko du izena













