Legazpiko Elkargunearen eguna ospatuko dute larunbatean
Mirandaola parkean egokitutako espazioan izango da ospakizuna, goiz partean. Elkarguneari bizitza eman nahi diote horrela, eta bizikidetzaren alde lan egiteko sortutako foroko kideei aitortza egingo diete.
Legazpiko Elkargunea ireki zela urtea datorrenean, Bizikidetzarako Herritar Foroak Elkargunearen Eguna ospatzeko deia egin die legazpiarrei, larunbat honetarako, irailak 27. Ospakizuna Mirandaola parkean dagoen espazioan izango da, Elkargunean bertan, 11:45ean hasi eta 14:00ak arte. Eguraldia lagun ez bada, Euskal Burdinaren Museoan izango da.
Bizikidetzarako Herritar Foroak duela 8 urte heldu zion “bizikidetzaren alde lan egiteko ibilbide irmoari”. Urte hauetan guztietan hainbat ekintza eta ekitaldi publiko gauzatu dituztela gogoratu dute foroko kideek.
Hala, motibazio politikoak eragindako indarkeria, memoria eta iragan hurbilaren inguruko hainbat ekimen eta programa gauzatu dituzte herritarrentzat. Indarkeria politikoen biktimei 2022an egin zitzaien ekitaldi publikoaren antolaketan ere parte hartu zuten, herriko beste hainbat eragileekin batera. Herriko biktima desberdinekin “entzute espazio diskretuak” ere ahalbidetu dituzte, eta bi familiekin batera “prozesu berreskuratzaile baten lidergoa” izan dute bi urtez. Azkenik, iaz Mirandolako museoan ekitaldi publikoa egin zuten bi biktimen presentziarekin, Elkagunea espazioari ikusgarritasuna emateko eta ordura arte egindako lana herritarrekin partekatzeko.
Ospakizuna eta aitortza
Oraingoan, “ospatzeko garaia” heldu dela diote. Elkarguneak “bere egun propioa izatea nahi dugu, festa-giroan, herriko haur, gazte, nahiz helduekin”. Elkargunea memoria espazioari bizitza eman nahi diote, eta herritar guztion eskura jarri, nahi duenak, bertan ekimen desberdinak sustatzeko.
Elkargunea “giza eskubideen eta elkarbizitzaren aldeko espazioa” dela nabarmendu dute, “anitza, eta legazpiar guztiontzat eraikia”.
Aurten lehen aldiz ospatuko da eguna, eta lehen aldiz erabiliko dute espazioa, “baina giza eskubideen krisialdia bizi dugun garai honetan, beste edozein gairen inguruko lanketa egitera gonbidatu nahi ditugu herriko pertsona zein eragileak, bakoitza bere aldarrikapen eta proiektuekin, giza eskubideen defentsa inoiz baino beharrezkoagoa dugulako”.
Egun horretan zehar, gainera, foroan “bide luze eta oparo hau” egin dutenei eskerrak eman eta aitortza bat egin nahi diete, eta “honaino iritsi garela ospatu nahi dugu”. Legazpiko herritarren erantzuna “izugarria izan dela indarrean eta balioan jarri” nahi dute. “Bide luzea egin dugu, asko ikasi dugu eta baita hainbat helburu lortu ere, txikiak zein handiak, eta hori ospatu beharra dago”, gehitu dute.













