Legazpin eskubaloia indartsu dagoela erakutsi du La Sallek
Eskubaloi eguna ospatu zen larunbatean, goizean hasi eta iluntzera arte, kirola, musika, kolore gorria eta giro paregabea uztartuta. Klubak bere hamar talde federatuk aurkeztu zituen.
La Salle klubak antolatuta, Eskubaloi eguna ospatu zen larunbatean Legazpin. Goizean hasita, iluntzera arte luzatu zen ospakizuna, kirola, lagunartekotasuna eta musika uztartuta.
Legazpiko klubak azaldu duenez, Eskubaloi Eguna “arrakasta handiz” ospatu da, eta balorazioa “ezin positiboagoa” da. Egunak “eskubaloiaren inguruko grina eta komunitatearen indarra” bildu zituela,eta Azoka eta inguruak “gorriz” jantzi zirela nabarmendu du. Gorria klubaren kolorea da.
Goizean zehar partida laburrak jokatu ziren Azoka ondoko eremuan egokitutako eskubaloi zelaietan. Partida horietan “jokalari helduen eta gaztetxoenen arteko harremanak” sendotu zirela diote klubeko ordezkariek, eta horiekin “belaunaldi desberdinen arteko elkarlana eta giro ona” sustatu zirela. “Hori La Salle eskubaloi taldearen balioen erakusgarri izan zen, eta etorkizunera begira bidea markatzen digu”
Ondoren, bazkaltzeko elkartu ziren Legazpiko eskubaloi komunitatea osatzen duten lagunak. Bazkarian 275 pertsona elkartu ziren mahaiaren bueltan, eta “klubaren kolore gorria jantzitako familia handi bat bilakatu ginen”. Partaideen artean “giro paregabea” sortu zen.
Bazkariaren ostean denboraldi honetan jokatuko duten taldeak aurkeztu zituzten, eta amaitzeko, Emaion eta Akerraren Seinale taldeen kontzertuek “marea gorri hori indartu eta giroa berotu zuten”. Musika, dantza eta algarak nagusi izan ziren, eta “argi gelditu zen La Salle Eskubaloi Taldea harago doala: kirola ez ezik, komunitatea eta laguntasuna ere sustatzen ditugu”.
“Egun ahaztezin honen ostean, esker eman nahi dizkizuegu parte hartu zenuten guztiei. Datorren urtean berriz elkartuko gara, eta marea gorriak indar handiagoz itzuliko du kolorea gure kantxetara eta kaleetara”.

















