Xabi Zurutuzak bigarren egin du Misanoko lasterketan
Andifer-American Racing taldean kide duen Alberto Surra izan da irabazlea. Europako txapelketa amaitzekoa azaroaren 2ko Bartzelonako lasterketa eta azaroaren 23ko Valentziakoa geratzen dira.
Zurutuza, Ricard Jove managerrarekin, eta taldekide duen Alberto Surra lasterketako irabazlearekin. Xabi Zurutuza Legazpiko pilotuak podiuma lortu du berriz ere Moto2ko Europako txapelketan, atzo bigarren eginda Misanoko zirkuituan (Italia). Podiumaren gailurrean Andifer-American Racing taldean kide duen Alberto Surra italiarra kokatu zen, eta hirugarren postuan, Milan Pawelec poloniarra.
Legazpiarrak sare sozialetan adierazi duenez, Misanokoa asteburu “intentsua” izan da, “fisikoki ukituta nengoan, eta ez da batere erraza izan. Baina nire taldearen lan ikaragarriari esker, P2 lortu dugu! Podiumera horrela igotzea hobea izan da oraindik. Eskerrik asko guztiei, batez ere nire babesleei”. Pilotuaren managerra den Ricar Jovek ere lorpen honen atzean dagoen taldearen lana goraipatu du.
Zurutuzak beste bitan ukitu du podiuma txapelketa honetan, uztaileko lehen asteburuan Frantziako Magny-Cours zirkuituan, hain zuzen, han jokatutako bi lasterketetan hirugarren postuak lortuta.
Europako txapelketa aurrera doa, eta orain Bartzelona eta Valentziako Ricardo Tormo geratzen dira amaitzeko. Bartzelonako hitzordua azaroaren 2an izango da, eta Valentziakoa azaroaren 23an.

Argazkiak: @xabizurutuza85













