Brinkola prest dago igandeko Aizkorrin Barrena mendi martxetarako
Ostiralean amaituko da aurretik izenak emateko epea, baina egunean bertan ere izango da aukera. Martxa luzea 08:00etan aterako da, eta motza, 09:00etan. Trena erabiltzeko deia egin dute antolatzaileek. Paella bazkaltzeko aukera izango da, Lekanazpi elkarteari esker.
Aurtengo Aizkorrin Barrena mendi martxetako kartela, kamiseta eta izena emateko orriak.Aizkorrin Barrena Aizkorrin Barrenarako egun gutxi falta dira falta. Iraileko azken igandean izango da berriz ere, igande honetan, eta antolatzaileek ia dena prest dute Brinkolako hitzordu honetarako. Iragarpenek diotenez, eguraldi ona izango da, eta ehunka mendizale espero dituzte.
Aurretik izena emateko azken egunak dira. Bihar arteko epea dago Urretxuko eta Zumarragako kiroldegietan, Izadi Zaleak elkartean, eta kirolprobak.com webgunean, eta pintxo potean mahai bat jarriko dute. Ostiralean Urbeltz eta Insausti tabernetan eta Bikuña kiroldegian ere eman daiteke izena. Aurrretik 12 euro ordaindu behar dira, egunean bertan, 15 euro.
Aizkorrin Barrena batzordea arduratu da antolaketaz, Legazpiko Udalaren, Izadi Zaleak, eta Brinkolako Armuño eta Arriurdin elkarteen laguntzarekin. Egunean bertan, boluntario askok egingo dute lan, horien artean Atzegiko kideek eta Lekanazpi elkarteko bazkideek.
Ibilbideak eta lehiaketak
Aizkorrin Barrenak 16. edizioa du aurten, eta inguruko mendietan egiteko bi ibilbide izango ditu, Brinkolako geltoki ondotik abiatuta. Ibilbide luzea edo Zanpa Zanpa 27 kilometrokoa izango da, 1.250 metroko desnibelarekin, eta 08:00etan irtenda, Andraitzeko pasoraino eta Artzanbururaino igoko da. Ttipi Ttapa edo ibilbide motza 09.00etan aterako da, eta 15 kilometroko luzera eta 600 metroko desnibela du; Itzubia ingurua da ibilbideko gune altuena. Bi ibilbideetan anoa postuak izango dira: Itzubian bat, Ttipi Ttaparen zazpigarren kilometroan, eta bestea Jandoainen, Zanpa Zanpa martxaren 18.. kilometroan.
Antolatzaileek Brinkolara trenez joateko eskaera egin dute, eta eguerdi-arratsaldean Legazpira itzultzeko Junetorri zerbitzua ere izango dela gogoratu dute.
Mikel Oskoz galdera lehiaketa ere antolatu dute aurten Burdinola elkartekoak, bidean zehar toki izenak markatzeaz gain. Lehiaketaren hamargarren edizioa izango da. Beste lehiaketa bat ere izango da aurten, @aizkorrinbarrena kontua aipatuz instagramera igotako argazkiena. Sariak egongo bi lehiaketetako irabazleentzat.
Bestalde, partaide guztiek kamiseta jasoko dute amaieran. Aurtengoa urdina da, eta izena ematerakoan aukeratu behar da neurria.
Festa giroa egun osoan
Mendizaleek festa giroa izango dute Brinkolan egun osoan zehar, eta musikarik ez da faltako. Azken urteetan bezala, auzoko ekoizleek postuak jarriko dituzte, barazkiak, gozoak eta bestelako produktuak saltzeko. Aizkorri Barrenaren aurreko edizioetako kamisetak erosteko aukera ere izango da feria txiki horretan.
Lekanazpi elkarteak ere lagunduko du, eta bazkaria prestatuko du, paellarekin. Hiru paella egingo ditu, 13:30erako, 14:30erako eta 15:30erako, eta 6 euroan jarriko du salgai errazioa. Edaria Armuño elkartean erosi ahal izango da.













