Eguneroko objektuek historia kontatzen dutenean
Lenbur Fundazioak erakusketa berria inauguratu zuen Txillida Lantokiko Fabrika gunean ostiralean. 'Iraganera bidaia. Objektuak gizartearen isla' du izenburu, eta garai bateko objektu arrunten bidez iraganera ezagutzea proposatzen dute bertan. Erakusketa asteburuetan egongo da ikusgai, urriaren 5era arte.
Egunero erabiltzen ziren objektuen bidez ere ezagutu daiteke gizarte baten historia, eta horretaz jakitun da Lenbur Fundazioa. Txillida Lantokia museoan Fabrika izeneko gune bat du, eta bertan, Euskal Herrian eta Legazpin zehazki industrializazioak ekarri zuena jasotzeaz gain, leku berezi du gordeta lehengo objektu arruntentzat. Garai bateko garbigailuak, xaboiak, sifoiak, fianbrerak, telefonoak, komuneko paperak, biniloak, ordenagailuak eta disketeak, bizarra kentzekoak, gasezko sukaldeak, lapikoak… eta askoz ere gehiagok osatzen dute duela hamarkada batzuetako gizartea nolakoa zen erakusten duen espazio horrek.
Orain, bilduma hori aitzakia hartuta, erakusketa bat osatu du fundazioak, iragana hobeto ezagutzeko bidaia bat proposatuz. Hain zuzen, Iraganera bidaia. Objektuak gizartearen isla da erakusketaren izenburua, eta aurreko ostiralean, hilak 19, inauguratu zuten. Inaugurazio ekitaldian, Lenburreko lehendakari Luis Txillida eta Agurtzane Elustondo eta Olatz Conde ordezkariak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Ondarearen zuzendari Gracia Urkiri izan ziren, Eric Galvez alkatearekin batera.
Erakusketa asteburuetan egongo da ikusgai, urriaren 5era arte: ostiraletan 17:00etatik 19:00etara, larunbatetan 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 19:00etara, eta igandeetan 11:30etik 13:30era. Sarrera doan da.
Konta iezadazu!
Lenbur Fundazioko arduradunek erakusketa honen izaera berezia azpimarratu dute, bere osaketarako herritarren partaidetza ezinbestekoa izan delako. “Egoitzako gure aiton-amonek parte hartu dute objektu horiei bizia ematen, objektu horien atzean dauden esperientziak edo oroitzapenak kontatzen… Santikutz egoitzako Monika eta bertako beste langile batzuk arduratu dira informazioa jasotzeaz”.
Eguneroko objektu haien memoria berreskuratzeko saio berezi bat egin zutela gogoratu dute, Konta iezadazu! izenekoa. “Horrela jaso dugu, adibidez, etxean lehen telefono finko bat zegoela, eta telefonoarentzako altzairu espezifiko bat zegoela gainera, eta telefono zenbakiak jasotzen zituen liburu mardul bat, Listina, sartzen zela azpian… Fianbrerari buruz ere kontatu dituzte istorioak, eta igande goizetan mendira eramateko patata tortilla egiten zutela gogoratu zuten”. Horrela, hainbat eta hainbat objekturi buruz, “duela hamarkada batzuetako historiaren zati bat osatu arte”.
Markak eta emakumeak
Baina objektu bakoitzaren atzean dagoenaz gain, badira erakusketan lantzen diren beste gai batzuk ere, besteak beste, eskala handian ekoizteak ekarri zuen produktuen merkatzea eta eskuragarritasuna, eta produktu horiei jarri zitzaien marka. Markaren sorrerak publizitatea ekarri zuen aldi berean, eta publizitatean, emakumeak paper garrantzitsua izan zuen. Material berriak ere sortu ziren, plastikoa, adibidez.
Hori guztiaren ondorioz, erakusketa hau hausnarketarako espazio ere bihurtzen da, eta kontsumoa, birziklapena, genero berdintasuna eta bestelako gai batzuk jartzen ditu mahai gainean.















