Aizkorrin Barrenako mendi martxa luzearen irteera ordu laurden aurreratu dute
Brinkolara iristen diren trenen ordutegira egokitzeko, 07:45ean aterako da, 08:00etan atera beharrean. Gaurko pintxo-potean mahaia jarriko dute izenak emateko, eta bihar izango da oraindik aukera Urbeltz eta Insausti tabernetan eta Bikuña kiroldegian.
Igandeko Aizkorrin Barrena mendi martxako antolatzaileek ordu laurden aurreratu dute Zanpa-Zanpa ibilaldi luzearen irteera. Brinkolara iristen diren trenen ordutegira moldatzeko, martxa luzea 07:45ean aterako da 08:00etan atera beharrean. Hala ere, 08:00etarako iristen direnek ere ibilaldian parte hartzeko aukera izango dute.
Hauek dira trenen ordutegiak:
| MARTZA LUZERAKO MARTXA MOTZERAKO | |
|---|---|
| Donostia 05:51 | Donostia 06:52 |
| Beasain 06:50 | Beasain 07:57 |
| Zumarraga 07:05 | Zumarraga 08:12 |
| Legazpi 07:09 | Legazpi 08:16 |
| Brinkola 07:15 | Brinkola 08:22 |
Antolatzaileek jakinarazi dute ordu horietan auzoko Armuño elkartea irekita egongo dela, eta kafea izango dela bertan.
Bueltarako, berriz, Junetorri autobus zerbitzu bereziak izango dira, Brinkolatik 14:00etan, 15:00etan eta 16:00etan irtenda.
Pintxo-potean, izena emateko aukera
Egunean bertan izango da izena emateko aukera, baino antolatzaileek aurretik egiteko gomendatzen dute. Horretarako, gaur mahai bat jarriko dute Kale Nagusian, pintxo-pote orduetan.
Ostiralean Urbeltz eta Insausti tabernetan eta Bikuña kiroldegian ere eman daiteke izena.
Aurretik izena emanda 12 euro ordaindu behar da, eta egunean bertan, 15 euro.













