Gipuzkoako erresidentzietan bigarren greba eguna dute
ELA sindikatuak salatu du Gipuzkoako Erresidentzietako langile publikoen eta azpikontratatuen artean 10.000 euro baino gehiagoko soldata arrakala dagoela. Bihar amaituko dituzte iraileko mobilizazioak.
ELAk elkarretaratzea egin du gaur Ordizian.Loinaz Agirre. Gipuzkoako erresidentzietako eta eguneko zentroetako langileek, iraileko bigarren greba eguna dute eta gaur goizean Ordizian egin dute elkarretaratzea “hitzarmen berriaren negoziazioari harira”. Atzo hasi eta bihar amaituko da.
Gipuzkoako Foru Aldundiari ondorengoa eskatu diote: “Langileen artean dagoen soldata arrakalarekin amaitzeko, eta lan jardun osoko kontratuak egiteko”.
Izan ere, ELA sindikatuko Ana Merchan Zabaletak jakinarazi duenez, ELAk egindako azterketaren arabera, “datuek agerian utzi dute egun sektorean langile gehien biltzen dituen erizain laguntzaileen kasuan, %25eko soldata arrakala dagoela lan berdina egiten duten erizain laguntzaile publiko edo azpikontratatuen artean. Hau da, urtean 10.000 euro baino gehiagokoa. Arrakala hori are handiagoa da langileen ia erdien kasuan, kontratu partziala izateagatik diferentzia nabarmenagoa baita”.
Kontratazioa aldatu
ELAren urtez, “kontratazioa aldatzea ere gakoa” da horretarako, “partzialtasuna eta azpikontratatazioa baitira soldata arrakalaren aldagai nagusienak”. Merchanek gogoratu du, “5.000 bat langile biltzen dituen sektore honetan, partzialtasuna %45ekoa dela eta azpikontratazioa %93koa”.
Gainera, “kontuan izanda langile gehien-gehienak emakumeak direla, genero arrakalan txapeldun da sektorea, langileen ia erdiak borondatezkoak ez diren kontratatu partzialak izaki”.
Zaintzaildia bihar Donostian
Donostiako Zinemaldia dela eta, biharm “Zaintzaildia delako bat” bat egingo dute, “alfonbra morea, film laburra eta sari banaketa eta guzti”.
Hiru eguneko mobilizazio hauekin, ELAk “espero du, aldundiak aurrerapauso bat ematea. Aldundiko ordezkariei ahoa irekitzen zaie zaintza gaiarekin, baina ikusten dugu ez dutela inolako aurrerapausorik ematen. Espero dugu oraingo honetan behintzat aldundiaren erantzun bat edukitzea, honi irtenbide bat emateko. Inori ez zaigu gustatzen gure aitona-amonak greba egunetan gutxieneko zerbitzuetan uztea, baina ez dauka beste erremediorik”.













