Joxe Azurmendiri omenaldi kolektiboa
'Jakin' aldizkariaren 269-270 zenbaki bikoitzean pentsalari zegamarrari buruz idatzi dute euskal kulturako ia ehun lagunek –tartean 11 goierritarrek–, haren bizitzari, obrari eta pentsamenduari buruz hitz lauz, bertsoz zein irudi bitartez ekarpena eginez.
Joxe Azurmendi 2015eko urrian, Donostiako bulegoaren atarian.Aimar Maiz Jakin 269-270: Zergatik eta zertarako Joxe Azurmendi. Horixe da Jakin aldizkariak uztailean hil zen Joxe Azurmendi pentsalari zegamarrari omenaldi kolektiboa egiten kaleratu berri duen zenbaki bereziak.

‘Jakin’ aldizkarian 269-270 zenbaki bikoitzaren azala.
Inoizko Jakin jendetsuena dakar udazkenak. Zenbaki bikoitz “mardulak” 90 artikulu biltzen ditu, hitzez eta irudiz. Amaieran, Herri eresia deitu dioten atalean, haren heriotzaren berri ematean Jakinek jaso zituen zenbait dolu mezu bildu ditu.
Azaleko irudi konposizioa Irantzu Pastorrek sortu du, eta kontrazalerako Azurmendiren beraren poema zati bat hautatu dute. Honakoa:
Gizon honek ez du hil nahi.
Haragi hau ez da Gernikako
arbola.
Ez da arraza bat, ez da
sozialista,
ez da sakratu, ez da ezer,
hiltzen den haragi da
eta ez du hil nahi.
Eta ez du hilda bizi nahi ere.
Libre nahi du.
Euskal kulturako ia ehun lagunek parte hartu dute argitalpenean, tartean 11 goierritarrek. Egile bakoitzaren ondoan dagoen loturan irakur ditzakezue artikulu eta bertso-sortak.
- Maialen Akizu Bidegain. Pagoa geldi dago remix
- Elixabete Garmendia Lasa. Filosofo miatzailea
- Lorea Agirre Dorronsoro. Lotu aske izateko
- Nekane Balluerka Lasa. Benetako intelektual bat
- Idurre Eskisabel Larrañaga. Nor izate askatzaileen trebatzaile
- Oihana Iguaran Barandiaran. Ur-jauzi hotsa
- Xabier Mendiguren Elizegi. Xabier ezagutu nuenekoa
- Markel Olano Arrese eta Xabier Barandiaran Irastorza. Komunitatea berregiteko baldintzei buruz
- Mikel Urdangarin Irastorza. Joxe Azurmendi hil da, baina haren obra ez
- Iker Zubeldia Katarain. Zure sorterritik













