Legazpiko 80 urtetik gorakoen bilkura eguna
Udalak eta Nagusilan eta Buztintegi elkarteek antolatuta, urteroko bazkaria egin dute herriko nagusiek Azokan. Aurten ia 200 legazpiar elkartu dira, eta ohiko omenaldiak egin dituzte bazkaldu aurretik.
Legazpin 80 urtetik gorakoen eguna ospatu da gaur, udalak eta Nagusilan eta Buztinegi elkarteek antolatuta. Ohi bezala, mezarekin hasi da ospakizuna, eta ondoren bazkaria egin dute Azokan, 193 lagun elkartuta. Juntadizoa Alaitasuna errondailaren doinuez lagunduta amaitu da.
Herriko pertsona adinduenen urteroko topaketa izan da gaurkoa, eta omenaldiz beteta egon da aurten ere. Bazkaldu aurretik egin dituzte omenaldiak, urte gehien batzen dituen bikoteari, gizon adinduenari eta emakume adinduenari.
Omendutako bikotea 88 urteko Trinidad Ranillak eta 91 urteko Cirilo Vallejok osatutakoa izan da, 96 urteko Cecila Rosado izan da emakume adinduena, eta 92 urteko Luis Ibeas gizon adinduena. Opari bana jaso dute Eric Galvez alkatearen eta gizarte gaietako zinegotzi Nerea Lopez de Herediaren eskutik, eta aurreskua dantzatu zieten bi dantzarik. Omenaldia une hunkigarria izan da alkatearentzat, Cecilia Rosado bere amona delako.
Kanpotik etorriak guztiak
Lau omenduak, Legazpira kanpotik etorritakoak dira, Espainiako toki desberdinetatik.
Trinidad Ranillak 88 urte ditu, eta Zamorakoa da, Abraveses de Tera herrikoa. Urrian 92 urte beteko dituen Cirilo Vallejo senarra, berriz, Soriakoa da, Lodares de Osma herrikoa. Bikotea Legazpin ezkondu zen, eta bost seme-alaba izan zituzten.
Cecilia Rosado Eric Galvez alkatearen amona da. Caceresko Brozas herrian jaiotakoa da, “duela 96 urte eta erdi”, eta hain ondo du burua, “bere jaioterriko oroimen bizia” dela esaten diotela. Legazpira 24 urterekin etorri zen, ordurako Teodoro Alvarezekin ezkonduta zegoela. Bi seme-alaba izan zituen.
Azkenik, Luis Ibeas Burgosko Pampliega herrikoa da, eta azaroan 93 urte beteko ditu. Zumarragan bizi zen iazko uztailean Santikutz egoitzara etorri arte. Ekainean hil zen Mercedes Merinorekin zegoen ezkonduta, eta lau seme-alaba ditu.

Trinidad Ranilla eta Cirilo Vallejo.

Luis Ibeas

Cecilia Rosado
















