Legorreta eta Ikaztegieta arteko bidegorria argiztatuta
54 eguzki farola jarri dituzte, 1.570 metroko ibilbideari segurtasun eta irisgarritasun handiagoa emateko. 133.500 euroko aurrekontua izan du. Hurrengo urratsa, Legorretatik Itsasondorainoko zatia argiztatzea izango da.
Alba Garmendia Ikaztegietako alkatea, Jose Ignacio Asensio diputatua eta Iñaki Agirre Legorretako alkatea.Loinaz Agirre. Legorreta eta Ikaztegieta lotzen dituen bidegorrian eguzki energia bidezko argiteria berria jarri dute eta Jose Ignacio Asensio diputatua eta Legorretako Iñaki Agirre eta Ikaztegietako Alba Garmendia alkateak gaur goizean elkartu dira Legorreta eta Ikaztegieta arteko mugan, egindako lanak ikusteko.
Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak emandako datuen arabera, “argiteriak eguzki energia erabiltzen du. Kilometro eta erdian, 54 farola jarri ditugu. Benetan aurrerapen nabarmena da, neguan bidegorria gehiago erabiltzeko aukera ere izango baita. Bidegorri hau asko erabiltzen da, eta ezinbestekoa zen horrelako berrikuntza bat bultzatzea”. Lanek 133.428,29 euroko inbertsioa izan du.
Iñaki Agirre Jauregi Legorretako eskerrak eman dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari Ikaztegieta arteko bidegorria argiztatzeagatik. Orain egin dituzten obrekin, “Ola auzoan bizi diren edo bertako enpresetan lan egiten duten herritarrei modu seguruago batean” ibiltzeko aukera eskainiko zaiela azpimarratu du. Herritarrez gain, kanpotik lanera garraio publikoan etortzen direnek ere, “hobekuntza nabarmena” izango dutela dio. “Horrelako hobekuntzak txertatzea beharrezkoa ikusten dugu mugikortasun jasangarria bultzatzeko garaian”.
Bestalde, bidegorria aisialdirako erabiltzen dutenek ere, aurrerantzean aukera zabalagoa izango dutela nabarmendu du, “iluntzen denean ere, bidegorritik seguruago ibiltzeko aukera izango dute eta”.
Itsasondora artekoa
Agirrek bidez batez, aldundiari eskatu dio “argiztatze proiektuarekin jarraitzeko, Legorretatik Itsasondo alderako zatia ere argiztatzeko”.
Asensiok aurreratu duenez, “hurrengo pausoa Itsasondoraino iristea izango da. Txosten teknikoarekin gabiltza eta aurrekontuaren arabera hurrengo hilabeteetan gure asmoa da hori ere egitea. Alkateei eskerrak eman beraien laguntza ezinbestekoa izango delako eta denon onurarako dela uste dut, eta bizi kalitatea asko hobetzen dela.”













