Elkargunearen eguna, Mirandaolako espazio hori aldarrikatzeko festa
Bizikidetzarako Herritar Foroak antolatu du biharko, eta memoriari eskainitako gune hori erabiltzeko deia luzatu die legazpiarrei. Festa giroan ospatuko dute.
Elkargunearen irekiera ekitaldia, iazko urriaren amaieran.Tere Madinabeitia Mirandaola parkean duela urte bete euripean inauguratu zuten Elkargunea memoria espazioa aldarrikatzeko asmoz, festa goiza antolatu du bihar larunbaterako Legazpiko Bizikidetzarako Herritar Foroak. Elkargunearen erabilera bultzatu nahi dute, eta herritarrei horretarako gonbita luzatzen diete.
Ekitaldi edo festa xumea prestatu dute, eta aldi berean, parte hartzailea. Txalapartarien deiarekin hasiko da 11:30 inguruan, Euskal Burdinaren Museoaren ondoan. Behin herritarrak elkartuta, parkera joango dira, Elkargunea dagoen lekura, eta han, foroaren eta Elkargunea beraren nondik norakoa azalduko duen idatzi bat irakurriko dute.
Frontoian izango da hurrengo ekitaldia. Txalaparta joko dute berriz, eta muralak margotzea eta idaztea, herriko musikarien emanaldiak, eta pintxoak izango dira. Musikariekin batera Minean lagun izeneko kanta abesteko aukera ere izango dute bertan direnek.
Elkargunearen eguna urtero irailaren azken larunbatean errepikatzeko bokazioarekin jaio da.
MINEAN LAGUN (hitzak)
Zu han zinela, ni hemen nintzen,
norbere bakardadean,
partekatzeak kokatu gaitu,
batera, min berberean
noizbait lagun min izango dira
minean lagun direnak
Ez dira soilik hitzak atera,
emozioak ere bai,
hala negarra eta barrea
izan ditugu sendagai
noizbait lagun min izango dira
minean lagun direnak
Azaleratzen baldin badira
han-hemengo biktimenak,
noizbait lagun min izango dira
minean lagun direnak
noizbait lagun min izango dira
minean lagun direnak
Nirea entzun zuten erdiek
Zurea beste erdiek,
orain, Gurea entzungo dute
datozen belaunaldiek
noizbait lagun min izango dira
minean lagun direnak













