Erreka Eguna da bihar Legazpin
Boluntarioak 09:30ean elkartuko dira Euskal Herria plazan, eta taldetan banatuta egingo dituzte Urola ibaia garbitzeko lanak. Amaieran Azokan elkartuko dira guztiak, eta mokadu bat izango dute jateko, musikaz lagunduta.
Iazko Erreka Egunean partaide guztiekin ateratako taldeko argazkia. Erreka Eguna da bihar Legazpin, Urola ibaia eta herria zeharkatzen duten beste erreka batzuk auzolanean garbitzeko eguna. Tramuak markatuko dituzte, eta tarte bakoitzean talde bat arituko da lanean, “ibaira iritsi behar ez zuten elementu arrotz guztiak” kentzen, hau da, plastikoak, metalak, trasteak…
Hitzordua 09:30ean izango da Euskal Herria plazan. Handik abiatuko dira taldeak, egokitu zaien ibai tarteraino. Boluntarioek arropa eta oinetako egokiak eraman beharko dituzte, eta udalak eskularruak eta zabor poltsak jarriko ditu. Ordezko arropak eta oinezkoak eramanez gero, Azokan gordeko dituzte. Garbiketa lanak amaitzean hantxe elkartuko dira guztiak, mokadu baten bueltan eta trikiti doinuak lagunduta.
Errekan jasotako zaborra plazan jarriko dute salgai.













