Hondakinen bilketa tasak %14ko igoera izango du hurrengo urtean Legazpin
Udalak 2026rako ordenantza fiskalak onartu berri ditu, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin, eta EH Bilduren kontrakoekin. Udal zergek eta tasek %2,7ko igoera orokorra izango dute, uztaileko KPIaren parekoa.
Datorren urteko Legazpiko Udaleko zergek eta tasek %2,7ko igoera orokorra izango dute, asteazken honetan udalbatzan onartuta zenez. 2026ko ordenantza fiskalen zenbatekoak ezartzeko, uztaileko KPIa hartu dute erreferentzia gisa, eta hori izan da aplikatu duten igoera.
Udal Gobernuak egindako proposamena zen hori, eta hori osatzen duten EAJko eta PSE-EEko ordezkariek aldeko bozka eman zioten. EH Bilduk, aldiz, kontra bozkatu zuen, eta Legazpiko berdeak taldeko zinegotzia ez zen bileran izan.
Igoera orokor horretatik kanpo, portzentai handiagoan igo dituzte hainbat zerga eta tasa. Aipagarria da hondakinen bilketa tasaren igoera, %14koa izango baita, hau da, hiruhilekoan 6 euro gehiago. Udal Gobernu taldeko ordezkariek azaldu dutenez, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko 7/2022 Legean dago arrazoia. Lege hori 2025ean jarri da indarrean, eta horren arabera, udalek hiri hondakin solidoen kudeaketa eta tratamendu kostuen %100 bete behar dute legez. Ondorioz, eta Sasietak egindako diru-sarreren eta gastuen aurreikuspenaren arabera, “igoera ezinbestekoa da kostuak estaltzeko”.
Ondasun Higiezinen gaineko Zerga, bestalde, %3,7 igoko da, hau da, KPIaren %2,7 eta puntu bat gehiago. Azaldu dutenez, “denboraren poderioz higiezinek duten katastro-balioaren jaitsiera konpentsatzeko” aplikatu dute %1 gehigarri hori, udalaren “diru sarreren mailari eusteko, eta diru bilketan beherakada saihesteko”.
Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergak % 4,9ko igoera izango du, eta Txakurren eta katuen harrera eta egonaldiagatik kobratzen dena %10e igoko da.
Tasa berria
Tasen atalean, prezio publiko batzuk izoztuta mantenduko dira aurtengo ekitaldiarekin alderatuta. Horien artean daude etxez etxeko laguntza zerbitzua edo Meazti eguneko zentroa, “kasu horietan zerbitzuaren kostu osoa estaltzen baita”. Euskaltegiko eta aparkalekuetako tarifek ere ez dute igoerarik izango.
Beste muturrean, Uztalai udako ikastaroetako tarifa 80 eurotik 85 eurora igaroko da, eta igoera zenbateko horrekin zerbitzuaren kostuaren erdia estaliko da gutxi gora behera.
Kiroldegiko abonuen ere izango dute igoera, %7koa orokorrean. Horren ondorioz, familia-unitate bakoitzeko gehieneko kuota 25 eurotik 27ra igoko da, adibidez. Banakakoa kuota 15 eurotik 17 eurora igaroko da, eta gazteen,a 12 eurotik 13 eurora. Gainerako kirol zerbitzuetan %5eko igoera aplikatuko da, zerbitzuaren beraren kostuak estaltzeko.
Udalak, azkenik, tasa berri bat ezarriko du, eta 2026etik aurrera tarifa bat kobratuko du enplegu publikora sartzeko hautaketa probetarako, “gastuak eragiten dituzten gezurrezko inskripzioak saihesteko”.
Udal zerbitzuen funtzionamendu egokia
Udal ordezkariek azpimarratu dute tasa horien doikuntzak “udal zerbitzuen egonkortasuna eta funtzionamendu egokia bermatzea” bilatzen duela, baita beharrezko inbertsioak egin ahal izatea ere.
Bestalde, herritarrei gogorarazi die ordainketei aurre egiteko zailtasunak dituztenek Gizarte Zerbitzuetara jo dezaketela, eta han egoera bakoitza banaka aztertuko dela, “irtenbide egoki bat eskaintzeko”.













