«Asko disfrutatu nuen karrera guztian, fuerte nengoelako eta ingurukoen animoengatik»
Lide Urrestarazu Agirre ordiziarrak munduko kopako 32 kilometroko Gorbeia Suzien lasterketa irabazi, eta errekorra ondu du.
Lide Urrestarazu Agirre ordiziarra Zeanuriko helmugan.Gorbeia Suzien. Bolada batean karreretan parte hartu gabe egon zara eta indartsu itzuli zara, Gorbeian Suzien irabazita.
Martxotik edo apiriletik karrerarik korritu gabe egon naiz. Ikasketak eta lana medio, ez nengoen oso motibatuta eta denboraldi batean uztea erabaki nuen. Uda lasaiagoa izan da, Alpeetan ere ibili naiz pare bat astetxo eta denbora gehixeago izan dut ibiltzeko. Bueltan, irailean karrera bat egitea pentsatu nuen. Gorbeia Suzien-en iaz ezin izan nuen parte hartu. Duela bi eta lau urte bai, eta oso oroimen polita nuen, antolakuntza ere bikaina izaten da, herrian ere giro oso polita egoten da, mendira ere jende asko igotzen da… Gainera munduko kopa zen… eta ilusioarekin hartzea pentsatu nuen. Ilusioarekin prestatu nuen, eta eguna bera ere asko disfrutatu nuen.
Zein sentsaziorekin bukatu zenuen karrera? Zer azpimarratuko zenuke?
Denboralditxo bat baldin banago karrera bat korritu gabe, gero egin behar duzunari gogo bereziarekin heltzen diozu. Hasieratik fuerte sentitu nintzen. Marta Martinez eta Judith Jeronorekin batera joan nintzen hasieran. Lokatz pixka bat zegoenean aurreratu egin nituen eta gero nire karrera egin nuen. Eroso sentitu nintzen. Sekulako giroa egoten da… Bertako afizioa, aldi berean munduko kopa da…. Oso lasterketa berezia izaten da. Asko disfrutatu nuen karrera guztian fuerte nengoelako eta ingurukoen animoengatik.
Errekorra ere hobetu zenuen.
Bukaeran esan zidatenean errekorra ere egin nezakeela, horrek ere beste ilusio puntu bat eman zidan. Borobil atera zela esango nuke. Asko disfrutatu nuen, oso sentsazio onekin joan nintzelako batez ere, eta inguruko afizio guztiagatik.













