Legazpiko Elkarguneak badu bere eguna: iraileko azken larunbata
Mirandaola parkean elkarbizitzari eta memoriari eskainitako espazioaren lehen eguna ospatu zen larunbat goizean. Txalaparta, musika, muralak eta pintxoak izan ziren ospakizunaren ardatza. Aurrerantzean, iraileko azken larunbatean ospatuko da, urtero.
Legazpiko Bizikidetzarako Herritar Foroak egindako deialdiari erantzunez, makina bat legazpiar inguratu zen larunbat goizean Mirandaola parkera, Elkargunearen lehen eguna ospatzeko. Memoriari eta elkarbizitzari eskainitako espazio horren erabilera bultzatzea zen topaketaren helburua, eta urtero egiteko asmoa dute, horretarako iraileko azken larunbata aukeratuta.
Ekitaldi xumea izan zen larunbatekoa, “motza, emozionala eta sakona”. Txalapartarien deiarekin hasi zen, eta Elkargunean bertan elkartu ziren herritarrak ondoren. Han, foroaren eta Elkargunearen beraren nondik norakoa azaltzen zituen manifestua irakurri zuten, eta ondoko pilotalekura joan ziren gero, berriz ere txalapartarien doinuez eta herriko hainbat musikariren emanaldiaz gozatzeko. Dani Uribe-etxebarriak prestatutako muralak ere margotu zituzten, eta pintxoak izan ziren amaieran.
‘Minean lagun’ abestia
Ekitaldian zehar Minean lagun kanta ere abestu zuten guztiek, Asier Iriondo bertsolariak eta Joxe Arizkorreta eta Jesus Castillejo musikariek lagunduta. Abesti hori Bizikidetzarako Herritar Foroaren ereserkia bihurtu da. Iaz Elkargunea aurkezteko egindako saiorako espresuki sortutako abestia da.
Manifestua
Hona hemen ekitaldian zehar irakurri zuten Manifestua:
“Gaur irailaren 27a da, Elkargunearen eguna. Lehenengo aldiz ospatzen dugu egun hau. Gaur egun handia da guretzat, Legazpiko herritarrez inguratuta gaude; atzean, 3 urte iraun duen prozesuan parte hartu duten pertsonak, motibazio politikoak eragindako indarkeria sufritu duten legazpiarrak ditugu, eta aurrean berriz zuek, modu batean edo bestean bidea gurekin egin duzuenak, milesker benetan.
Atzean ditugun pertsonek ausardiaz eta eskuzabaltasunez kontatu digute urteetan isildu dutena, beldurragatik, nola egin ez jakiteagatik, babesik ez sentitzeagatik, haiengatik, orain pertsona hobeak gara, eta, beraz, eskerrik asko gure bihotzaren barren-barrenetik.
Berradiskidetzearen bidea malkartsua da oso, batzuetan 10 pauso aurrera egiten ditugu, ondoren bi atzera, motibazioa, nekea eta frustrazioa bihurtzen da, baina egindako bidea ezin digu inork kendu, gugan biziko da beti, gure bihotzetan, beraz ez etsi. Bakoitzak iraganaren irakurketa propioa du, egiak hertz ugari baititu, baina errelato guztiek osatzen duten egiaren mosaikoa.
Giza eskubideen urraketa guzti-guztiek eta bestelako sufrimenduek gure gertuko memorian dagokien lekua izan behar dute, beharrezkoa da herri gisa, gizarte gisa aurrera egin ahal izateko, indarkeria guztiak aitortzeko, geure burua aitortzeko, elkarrekin, enpatiatik, entzutetik, elkarrizketatik, desberdin pentsatu arren, interpretazio desberdinak izan arren, guztiak dira baliozkoak giza eskubideak eta pertsonen bizitza errespetatzen badira. Ez dugu inoren sufrimendua ukatu behar, inorena.
Baina gaur ospatzeko gaude hemen, egindako bidea ospatzeko, giza eskubideen aldarrikapena ozen egiteko. Gaur inoiz baino gehiago, bizi dugun garai honetan, giza eskubideek krisialdia bizi dute; gizartearen militarizazioa, gerrak, Gazako genozidioa eta abar luze bat… baina guk maitasunaren boterea eta balioa aldarrikatu nahi dugu gaur, indarkeria baino askoz indartsuagoa delako, dudarik gabe.
Gaur, irailak 27, Elkargunearen eguna da eta Legazpiko egutegian finkatuta geratzea nahi dugu. Urtero, Iraileko azken larunbatean ospatuko dugu Elkargunearen eguna, baina hor zuen parte hartzea behar dugu. Aurten elkarbizitzaren eta memoria partekatuaren alde guztiok egin dugun bidea ospatzen dugu. Baina gure nahia da kolektiboek, eragileek, gazteek, ikastetxeek, gune hau zuenganatzea eta giza eskubideekin lotutako zuen aldarrikapenak eta proiektuak hemen, Elkargunean, ospatzea. Legazpiar guztientzat eraiki zen espazio hau. Legazpiar guztiona da.
Gaur inoiz baino gehiago, giza eskubideen aldeko defentsa ezinbestekoa da”.















