Mila mendizale inguru elkartu dira aurten Aizkorrin Barrenan
Bi mendi martxak atzo goizean egin ziren, auzoko tren geltoki ondotik aterata. Amaieran, paella izan zuten bazkaltzeko eta festa giroa zabaldu zen, arratsaldera arte.
Brinkola eta Aizkorri inguruko mendiez gozatzeko gogoz mila lagun inguru elkartu ziren atzo auzo horretan Aizkorrin Barrenak proposatutako bi martxak egiteko. Eguraldia lagun izan zuten, paisaia eta paraje ederrez gozatu zuten, eta festa giroan amaitu zuten goizeko ekinaldia, Lekanazpi elkarteak prestatutako paella bazkaldu ondoren. Aurten ere, arrakasta hutsa izan da Aizkorrin Barrena.
Aizkorrin Barrenako batzordeak antolatzen du mendi martxa hau, Izadi Zaleak, eta Brinkolako Arriurdin eta Armuño elkarteen laguntzarekin, eta Burdinolaren lankidetzarekin. Aurreko egunetako prestaketa lanetan eta egunean bertan makina bat boluntario ibiltzen dira lanean, eta horien artean Atzegiko kideak izaten dira.
Antolatzaileak gustura geratu dira, batez ere mendizaleen inpresioak entzun eta gero: ibilaldi politak eta paisaia zoragarriak zirela, anoa postuak oso ondo hornituak zeudela, eta kamiseta ere gustukoa zutela, nahiz eta neurriekin arazoak izan dituzten. Horrelakoak entzunda, datorren urteari indarberrituta eta ilusioz begira jarri dira.
ARGAZKIAK: Juan Luis Ormazabal eta Tere Madinabeitia













