'Aztia' kontzertu dramatizatua, ostiralean Legazpin
Latxartegi aretoan taularatuko dute, 20:00etan. Sarrerak salgai daude interneten, eta egunean bertan ere erosi ahal izango dira.
Don Inorrez eta Metrokoadroka Sormen Laborategiak Aztia kontzertu dramatizatua aurkeztuko dute ostiralean, urriak 3, Legazpin. Emanaldia Latxartegi aretoan izango da, 20:00etan, eta sarrerak salgai daude interneten, https://latxartegisarrera.sacatuentrada.es/ loturan. Egunean bertan ere erosi ahal izango dira, leihatilan.
Aztia ikuskizunak 2023ko urte amaieran du sorrera. Orduan, Imanol Ubedak eta Karlos Aranceguik osatzen duen Don Inorrez musika taldeak disko berri baterako hitzak idaztea eskatu zion Oier Guillani. Horretarako, letrak osatzeko ez ohiko prozesu bat abiatzea erabaki zuten, hain zuzen, antzerkian oinarritzea disko oso bat sortzeko. Hala, Aztia bakarrizketa idatzi zuen Guillanek, eta hitz horietatik abiatuta disko osoa konposatu zuten Don Inorrezekoek. Cadizen grabatu zuten Paco Locorekin, eta 2025eko urtarrilean plazaratu zuten lana.
Haren ondotik, material berria lengoaia eszenikora egokitzeko apustua egin zuten Metrokoadroka kolektiboarekin. Aztia emanaldia 2025eko otsailaren 8an estreinatu zen Donostiako Lugaritz kultur etxean. Emanaldian Imanol Ubedaren ahotsak eta gitarrak, Karlos Aranceguiren perkusioak eta Fernando Neira baxuak egin zuten bat. Haiekin batera, Oier Guillanek dramatizatu egin zuen emanaldia bakarrizketa ahotsez, eta Ainhoa Alberdik pertsonaia gorpuztu zuen butoh dantzaren bitartez. Idoia Beratarbide izan da proiektuko zuzendari artistikoa eta iruditeria osoaren sortzailea.
Guzti horren emaitza Aztia kontzertu dramatizatua da. Bertan, umorea eta kontzertu giroa izango dira nagusi, musika, antzerki bakarrizketa eta butoh dantzarekin batera. Taula gainean izango dira Ainhoa Alberdi, Karlos Arancegui, Oier Guillan, Fernando Neira eta Imanol Ubeda, eta zuzendaritza Idoia Beratarbideren esku egongo da.
Aztia ikuskizunaren ardatza zoriontasunaren inguruko mintegi bat da, “Zoriontasuna hasiera bat besterik ez da” leloa duena. Bertan “autolaguntzaz” mintzatuko da, zirikatzaile, baina ezkutuan “auzolaguntza” izango du xede. Jendartean deslilura eta desesperantza nagusitzen ari direla dirudien garaiotan, des-deslilura aldarrikatuko du Aztiak, hasiera oro zerbaiten amaiera izan daitekeen itxaropenarekin.













