Legazpiko Ordenantza Fiskalei ezezkoa azaldu du EH Bilduk
Kiroldegiko abonuen inguruan egindako ekarpena onartu ez izana izan da kontrako bozkaren arrazoia. Hobari-sistema progresiboa martxan jartzeko eskatu zuten.
Iraileko udalbatzak 2026rako ordenantza fiskalak onartu berri ditu Legazpiko Udalean, EAJren eta PSE-EEren aldeko bozkekin. E EH Bilduk aurka bozkatu du, eta ezezko horren arrazoiak azaltzeko ohar bat kaleratu du.
Ohar horretan jasotzen denez, Legazpiko Udal Gobernu Taldeak “ez du gaitasunik” udal zerga eta tasen bidez lortzen diren diru sarreren helburuei buruzko eztabaidarako. EH Bilduren ustez, diru sarrera horiek “kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzeko, politika fiskala definitzeak sakoneko eztabaida bat eskatzen du proposamen fiskal justu eta progresibo baten bidez, udal aberastasunaren banaketa justuago bat lortzeko” izan behar dira.
Kiroldegiko abonuari buruzko ekarpena
Ordenantza fiskalei ezezkoa emateko arrazoia, berriz, kiroldegiko abonu eta zerbitzuetan hobari-sistema progresiboa martxan jartzeko eskatuz egindako ekarpena ez onartu izana izan da. Hobari sistema progresibo horrek “zerbitzuekiko irisgarritasuna unibertsalizatzeko” helburua izango zuen, eta herritarren gaitasun ekonomikoaren arabera ezarriko litzateke, “errenta-maila baxuetan eragin handia” izanik: “RGIa jasotzen duten herritarrak, pentsio txikiko pertsonak eta emakumeak”. Horrez gain, kide ugariko familia-tituluagatik hobariak aplikatu beharrean, familien diru sarrerak kontuan hartzea proposatu zuten, eta horri lotutako hobari taula bat.
Hobari sistema hori bultzatu nahi duten helburu politikoekin bat datorrela zehaztu dute. “Urte dezente egon gara ohitura osasuntsuak garatzeko ekimen bat eskatzen. Zorionez, aurten Kirol Orientazio zerbitzua martxan jarri da Legazpiko herritarrentzat. Baina, kiroldegira sarrera gaur-gaurkoz ez dago herritar guztien esku. Aldiz, bakoitzak ahal duena ordainduko balu, herritar guztientzako irisgarria litzateke”.
Udal Gobernu Taldeak proposatutako ordenantza fiskalei EH Bilduk egindako ekarpena ez onartu izana da kontrako bozkaren arrazoia. “Ulertzaitzak” dira ekarpen hori ez onartzeko arrazoiak, eta “herritar guztiek zerbitzu guztietara sarbidea izateko lanean” jarraituko dutela nabarmendu dute. “Bitartean, gobernu taldeak gaur-gaurkoz saturatuta dauden Gizarte Zerbitzuetara bideratuko dituzte herritarrak”.













