Dozenaka herritar Palestinaren alde Legazpin, Ikasle Abertzaleek deituta
Elkarretaratzea egin dute gaur goizean Euskal Herria plazan. Ikasleen artean deitutako greba egunean kokatzen da mobilizazioa.
Ikasle Abertzaleak antolakuntza sozialistak egindako deialdiari erantzunez, dozenaka herritar elkartu dira gaur goizean Legazpiko Euskal Herria plazan, Palestinako herriari elkartasuna adierazteko eta Israel bertan gauzatzen ari den genozidioa salatzeko.
Elkarretaratze hau ikasleen artean egun osorako deitutako grebaren barruan kokatzen da. Goierrin makina bat mobilizazio egin dituzte greba egun honetan, baina ekitaldi nagusiak Legazpiko elkarretaratzea, eta Beasainen ere goizean egindakoa izan dira.
Bi elkarretaratzeetan komunikatu bat irakurri dute eta azaldu dute “genozidioa onartzen ez duten ikasleak” direla eta “kaleak hartu” behar dituztela Palestinako herriarekin elkartasuna erakusteko. Halaber, Palestinan bizitzen ari diren egoera jasanezina dela nabarmendu dute, “70.000 hildakotik gora, beste horrenbeste gazte hilzorian, eta Israelek Gaza konkistatu eta okupatzeko asmo argia”.
Euskal Herriko eta nazioarteko erakundeen jarrera ere seinalatu dute, eta bereziki Espainiako Gobernuaren, Europar Batasunaren, Nazio Batuen eta alderdi politiko nagusien isiltasuna salatu dute. Hainbat enpresa eta erakunde ere ipini dituzte jomugan, “Caf, EHU, BBVA,…Zuek ere konplizeak zarete; harremanak eten orain”, eskatu dute.
Borrokak jarraitu beharra duela ere gaineratu dute. “Jarrai dezagun genozidioa salatzen eta konplize zikin guztien aurka kaleak hartzen, jarrai dezagun Israel suntsitu arte borrokatzen!”.
Azkenik, mobilizazio horiek elkartasun keinu izateaz gain, etorkizunean antolatu nahi dituzten borroka dinamiken abiapuntu direla ere adierazi dute: “Palestinarekin elkartasuna ez da egun bateko kontua; jarraipena izango du”.














