Legazpiko Olamendik bat egin du Palestinarekin
Gure Haurrak ere Badira ekimenak egindako deialdiari erantzunez, elkarretaratzea egin du goizean eskola publikoa osatzen duen komunitateak.
Legazpiko Olamendi eskola publikoak (lehengo Domingo Agirre) bat egin du Palestinarekin, Gure Haurrak ere Badira ekimenak luzatutako deialdiari erantzunez. Goizean, eskolak hasi aurretik, Olamendi osatzen duen komunitateak elkarretaratzea egin du Laubideko biribilgunean, elkartasuna adierazteko herri palestinarrari.
Gure Haurrak ere Badira ekimena Euskal Herri osoan zabaldu da, eskola publikoetako guraso elkarteek eta hezkuntzako profesionalek bultzatuta. Palestinako haurrekin elkartasuna ikusaraztea eta Israel burutzen ari den genozidioa salatzea du helburu.













