Legazpiko Udalak Xabi Zurutuzaren kirol ibilbidea babesten jarraituko du
Moto pilotuarekin sinatuta duen babesletza kontratua berritu du.
Josu Zurutuza (Xabi Zurutuzaren aita), Eric Galvez alkatea, Xabi Zurutuza eta Josu Galilea kiroletako zinegotzia, kontratua sinatu berritan.Legazpiko Udala Legazpiko Udalak babes kontratua berritu du Xabi Zurutuza moto pilotuarekin, «kirolarekin eta udalerriaren izena mugetatik harago proiektatzen duen tokiko talentuarekin duen konpromisoa berretsiz». Kontratuaren arabera, 5.000 euroko laguntza emango dio legazpiar kirolariari.
Zurutuza Europako Moto2 Txapelketan lehiatzen ari da, «zirkuitu bakoitzean Legazpiren izena harro eramanez». Udala duela urte batzuk hasi zen pilotuaren kirol jarduna babesten, eta horren ondorioz, Legazpiko armarria soinean darama, bai jantzian, bai karenatuan.
Eric Galvez alkateak nabarmendu duenez, «Xabi eredu da gazteenentzat, esfortzua, diziplina eta iraunkortasuna bezalako balioak transmititzen dituelako. Doan leku guztietan irudikatzen gaitu. eta Legazpik bere ondoan bidea egiten jarraitu nahi du».
Zurutuzak esker onez jaso du udalaren babesa, eta esan duenez, «niretzat ohorea da lasterketa bakoitzean Legazpiko armarria eramatea. Laguntza horrek indarra ematen dit lanean eta ametsak betetzen jarraitzeko»













