Maialen Aztiria, perretxikoekiko zaletasuna transmititu nahian
Maialen Aztiria perretxikozalea da txikitatik. Lekanazpi elkartearen Asteburu Mikologikoko antolakuntza taldean dabil, eta larunbatean egingo duten ibilaldi gidatuaren bultzatzaile nagusietako bat da.
Txikitan perretxikoei buruz etxean erakutsi ziotena eta gero bere kabuz ikasi duena gazteei transmititzea da Maialen Aztiria Etxanizen (Legazpi, 1979) asmoa. Perretxiko zaletasunaz kutsatu nahi ditu legazpiarrak, eta horretarako aukera ematen dio Lekanazpi elkarteak eta Legazpiko Asteburu Mikologikoak.
Aztiria antolaketa batzordean sartuta dago, eta azken urteetan egin duten ibilaldi mikologikoan gidarietako bat izan da. Asteburu Mikologikoa ostiraletik igandera bitartean ospatuko da, hilaren 3tik 5era, eta ibilaldi gidatua larunbat goizean izango da.
Perretxiko bila
Hirugarren urtez egingo dute ibilaldia. «Lehenengoa duela bi urte egin genuen, San Martin auzoko arkua pasatu eta inguru horretan, iaz Korosti mendian gora egin genuen, eta aurten Barrendiola urtegi aldera joango gara», azaldu du Aztiriak. Ibilaldi mikologiko hauen helburua «batez ere umeei gogo hori sartzea» dela dio, perretxikoak biltzen zaletzea. «Basora joan eta perretxikoak biltzea zein ederra den erakutsi nahi diegu». Perretxikoen aitzakiarekin «goiz polita» igaroko dutela agindu du.
Onddoaren bila joango dira bereziki, «baina horretarako euri pixka bat egin beharko du». Legazpi inguruan ez dago asko oraindik, «nik ez dut topatu behintzat, baina badakit batzuek bildu dituztela banaka batzuk. Baina larunbat goizean umeei ilusioa eragiteko adina egongo dira, ziur». Perretxikoak non egon daitezkeen, non begiratu behar den, perretxiko onak eta txarrak zeintzuk diren, eta nola bildu behar diren erakutsiko dute, zuztarrak atera gabe, eta «errespetuz beti, batez ere perretxiko txarrekin, txarrak ez direlako zapaldu behar edo ez zaielako ostikadarik eman behar».
Larunbatean ekitaldi agenda nahiko betea dago Legazpin, batez ere haurrentzat, baina ibilaldi gidatu horretarako jendea izango dute. Oinetako egokiekin joateko eta ahal dela, saskia eramateko ere eskatu dute. «Hala ere, gogoa besterik ez da behar, eta amaieran salda eta txorizoa izango da guztientzat Azokan».
Umeei begira, beste jarduera bat ere izango da Asteburu mikologikoan, igande goizean, Azokan. Perretxikoekin lotutako eskulanak egiteko aukera izango dute gaztetxoek.
Transmisio falta
Perretxikoen inguruan dagoen ezagutza belaunaldi gazteei transmititu beharra dagoela uste du Aztiriak. Berak amaren aldeko amama-aitita azkoitiarrengandik jaso zuen, «txiki-txikitan», eta gurasoengandik. «Askotan joaten ginen asteburuetan, Altsasura, Urdiainera… egun pasa edo asteburu osoa pasatzera karabanarekin, eta Legazpin, Manuel osaba zena ere oso zalea zen, eta Urtatzan perretxikoak non egoten ziren ondo zekien. Hark, afaltzeko nahaski bat nahi bazuen, atera eta zerbait ekartzen zuen beti!».
Horrela hasi zen Aztiria, eta horrela sartu zitzaion zaletasuna, «nik neure kontura aurkitzen nituenean egunduko ilusioa egiten zidan». Baina «betiko perretxikoak» biltzen zituztela zehaztu du, «ezagutzen genituenak bakarrik». Gerora hasi zen perretxiko mota gehiago ezagutzen. «Hemen arruntenak niskaloa, onddoa eta gibelurdina dira, baita korosoa ere, gibelurdinaren antzekoa dena baina berdeagoa eta zapore gozoagokoa. Eta zizak, noski, udaberrikoak, eta ziza horiak». Txikitan ziza hori asko bildutakoa da, eta haiek garbitzean eskuak zikin-zikin geratzen zirela gogoratzen du, tindu marroiarekin.
Aztiriak dio adin bateko jendeak baduela edo jaso duela zaletasun hori, «modu naturalean», baina ez duela jakin transmititzen belaunaldi gazteagoei. «Ni horregatik hasi nintzen nekiena erakutsi nahian, pena ematen zidalako perretxikoen kultura hori galtzea».
Ibilbide mikologikoa, Barrendiola inguruko pagadietan
Perretxikoen inguruan zerbait ikasteko prest daudenentzako ibilaldi gidatua izango da Lekanazpi elkarteak Asteburu Mikologiakoaren barruan larunbaterako antolatutakoa. Barrendiola urtegiraino autobusez joango dira partaideak, Laubideko biribilgunetik 09:00etan eta Saturnino Telleriakotik 09:15ean irtenda. Arbelgaizto eta Albizurietako pagadietan, bizpahiru orduko bira egingo dute gero.
Adin guztietako herritarrentzako jarduera da, eta komeni da izena ematea. Ibilbidean perretxikoen mundura gerturatuko dira partaideak Jon Ander Jaka eta Xabi Galdosen eskutik, eta bildu ere bai, bereziki inguru hauetako ohikoenak. Jasotako perretxikoak Azokako erakusketan jarriko dituzte.
Ibilaldia amaitutakoan, Azokara joango dira guztiak, salda eta txorizoa dastatzeko.













