Ordenantza fiskalei, Ordizia Orainen zuzenketa proposamenak
"Hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzea eta herritarren eskura jartzeko" helburua dute Ordizia Orain-Elkarrekin Podemosek egindako lehenengo zuzenketa proposamenek, "bereziki alokairu sozialeko programen bidez".
Ordiziaren ikuspegia.Laida Goiburu. Ordizia Orain-Elkarrekin Podemos udal taldeak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, Ordiziako Udalean ordenantza fiskalei egindako lehenengo zuzenketa proposamenak erregistratu ditu, “hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzea eta herritarren eskura jartzeko” helburuarekin, “bereziki alokairu sozialeko programen bidez”.
Viviana Murillo Cazar bozeramailearen esanetan, “nahi duguna erraza da: Ordizian zentzudunagoa eta onuragarriagoa izatea hutsik dagoen etxebizitza baten ateak irekitzea bizileku bihur dadin. Ez gara zigorrez hitz egiten ari, bidezko irtenbideez eta zentzuz baizik. Etxe batera sartzeko gaizki pasatzen duten familiak dauden bitartean, ezin dugu onartu urteetan hutsik dauden pisuak egoten jarraitzea”.
Ekimena Podemos Euskadik bultzatutako estrategiaren barruan kokatzen dela argudiatu dute, “udalerrietan etxebizitzak bere funtzio soziala betetzen duela bermatzeko tresna fiskalak aplikatzea planteatzen baitu”.
Proposatutako neurriak
Aurkeztutako zuzenketek “hiru ordenantza fiskal ukitzen” dituztela aurreratu dute, “eta talde integral eta koherente bat osatzen dute”.
• Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ): “Etxebizitza hutsen errekargua handitzea, ‘ohiko bizileku’-aren definizio zorrotzagoa, errekarguen eta hobarien arteko bateraezintasuna, eta bildutakoa etxebizitza sozialen udal-programetara bideratzea. Gainera, beren etxebizitzak alokairu sozialeko programetan jartzen dituztenentzako hobariak indartzen dira, kolektibo kalteberak sartuz, hala nola etxegabetutako familiak, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak eta, oro har, indarkeria-egoerak jasan dituzten pertsonak. Udalaren errekargua Etxebizitzaren Euskal Legean aurreikusitako kanon autonomikoarekin bateragarria izatea ere planteatzen da”.
• Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga (EIOZ): “Hobaria alokairu sozialeko programetara bideratutako etxebizitza hutsak birgaitzeko obretan”.
• Hirigintza-lizentzien tasak: “Alokairu sozialean sartzen diren etxebizitzak birgaitzeko edo egokitzeko obra-lizentzien hobaria”.
Murillok argitu duenez, “Ordizia, oraingoz, ez da zona tentsionatu izendatu, baina errealitateak tentsio-ezaugarri argiak erakusten ditu: familia askoren ahalmen ekonomikoa baino azkarrago hazten diren alokairu-prezioak, eskari handia, eta hutsik dauden etxebizitzen parkea handi bat”.
Beraz, proposamen horiekin, Ordizia Orain-Elkarrekin Podemosek “mezu argi bat” zabaldu nahi du: “Ordizian ez dago lekurik etxebizitzarekiko espekulaziorako. Etxeak bizitzeko daude, ez itxita egoteko”. Era horretan, “alde batetik, etxebizitza bat hutsik mantentzea aukerarik erosoena eta errentagarriena ez izatea planteatzen dugu. Baina, aldi berean, babesa eta errekonozimendua eskaintzen diegu etxebizitza horiek etxe bat behar duten familien esku jartzen dituztenei”.













