X. Gaztaren biltzarra, larunbatean
Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak antolatutako X. Biltzarra Aralarren egingo dute, Enirio-Aralarko aerodromoaren zelaietan.
EHUren Udako Ikastaroen barruan, Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak Gaztaren kongresua egingo du larunbatean. Hamargarrena izango da aurtengoa, eta berezia izango da Idiazabal Gaztaren Kofradiak jakinarazi duenez: “Sektoreari bere osotasunean laguntzeko egiten duen lan etengabean, Kofradiak, oraingo honetan, Kongresuaren izaera didaktikoa alde batera utzi gabe, jai-giroarekin uztartu nahi izan du, eta, horretarako, bere ohiko agertokia, Barrena Jauregiko ekitaldi aretoa aldatu du. X. Biltzarra Aralarren egingo da, Enirioko Mankomunitatean, larreetako ongarritze-hegazkinek erabiltzen zuten belazean”.
Biltzarrak sektoreko profesionalen arteko harremanak sendotzea eta sustatzea du helburu, “hurbilenetik urrunenera, gaur egun zein iraganean egindako jarduera ludiko-profesionalak ezagutuz eta aitortuz eta artzain jokoei balioa emanez”.
Egitaraua eta parte hartzaileak
Euskal Herriko hainbat lurraldetako parte-hartzaileak izango dira larunbateko kongresuan. Egitaraua ondorengoa da:
- 10:00etan: Euskal Herriko Laborantza Ganbarako koordinatzailea den Iker Elosegiren hitzaldia, Sasiartalde proiektuaz. Sasiardi ardiaren berreskurapenean oinarrituta Sasiartalde Elkarteak egiten duen lanaz arituko da. Garai batean Euskal Herriko nekazaritza ustiategi askotan zegoen arraza da, eta gaur egun Iparraldean onura ekonomikoa ekartzen du, elkarte horrek zuzentzen duen lan kolektiboari esker.
- 10:30ean: Jesus Mari Lasarteren Hobekuntzak artegietan eta txaboletan Urbasan hitzaldia. INTIAko teknikaria, nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategietako belaunaldi-ordezkapenean aditua da Lasarte. Nafarroako Gobernua inguru horretan egiten ari den lanak azalduko ditu.
- 11:00etan: Josetxo Zufiaurre beasaindarrak Artzain Jokoak bideoaren aurkezpena egingo du. Joxemiel Barandiaranen kolaboratzailea izan zen Zufiaurre. Bideoan, Euskal Herriko mendietan artzain eta abeltzainek lehiatzen zituzten jolasei buruz egindako ikerketez arituko da: jauziak (Saltarri), Pilota Jokuak, Anikote, Korrika Jokuk, Bolok (Bola lekuk), etab.
- 11:15ean: Euskal Herriko hainbat lekutatik etorritako taldeen arteko lehiaketak. Egingo dituzten probak ondorengoak dira: Birjarpen-arkumearen pisua zein den jakitea; bi gaztaren pisua zein den jakitea; 5 ardien sailkapena pisuaren arabera; artalde batean 100 ardi inguru aurkitzea, horietako bat artaldekoa ez dena; ardi talde bat hortzez bereiztea; Pilota Joku partidua.
- 14:30ean: Bazkaria: ajoarriero, moxal errea eta postrea.













