Arratsaldean irekiko dute Urtatzako ur biltegiko aparkalekua
Behin-behineko izaera du, eta 44 plaza ditu, baina autoentzat bakarrik da. Laster Bikuña eta Aizkorri inguruetan hasiko da udala aparkatzeko arazoei "konponbidea" ematen. Urtatzan, gainera, aparkaleku gehiago egingo dira Urtegialden.
Josu Galilea zinegotzia eta Eric Galvez alkatea, Urtatzan egokitutako behin-behineko aparkalekuan. Legazpiko Udalak Urtatza auzoko ur biltegiaren ondoan, Goiherri jatetxearen parean egokitu duen aparkaleku berria gaur arratsaldean irekiko dute. Behin-behineko aparkalekua da, eta 44 autorentzako tokia izango du. Ezin izango da furgonetarik, karabanarik edo kamioirik aparkatu, haien pisuak zorua honda dezakeelako.
Aparkaleku honekin, udalak irtenbidea eman nahi dio auzo honetan eta inguruan aparkatzeko dagoen arazoari. Lursaila Lurkide SL enpresaren jabetzakoa da, eta udalak eskerrak eman nahi dizkio “konponbide hau” martxan jartzeko eskaini dituen erraztasunengatik.
Lur eremu hori egokitzeko lanen 50.000 euroko kostua udalak hartu du bere gain. Lanak amaitzeko, aparkaleku berrian egindako lurrezko euste-horman belarra landatuko da, estetika hobetzeko eta ingurunea naturalizatzeko.
Aparkatze arazoak
Eric Galvez alkateak eta obren arloko arduradunak adierazi duenez, “aparkaleku berri honekin bi arazoei aurre egiten zaie: batetik, aparkaleku arazoari 44 leku gehiagorekin; eta, bestetik, orain okupatuta dauden eremuak liberatzen dira, hirigintzako beste erronka batzuei aurre egiteko aukera emanez”.
Bestalde, Josu Galilea Mugikortasuneko zinegotziak egindako lanaren garrantzia azpimarratu du: “Behin-behineko aparkaleku hau ez da behin betiko irtenbidea, baina bai berehalako eta beharrezko urratsa aparkatzeko zailtasun handienak dituen eremuetako baten presioa arintzeko”. Ildo honetan, “udalerri osoan mugikortasuna hobetzen jarraitzeko”, laster Aizkorri eta Bikuña inguruan ere aparkalekuaren arazoari aurre egiteko “konponbideak” martxan jarriko dituztela iragarri du, “izan ere, egun dauden premiez gain, gogoratu behar da datozen hilabeteetan hasiko dela Aizkorri kaleko obra”.
Hurrengo lanak Urtegialden
Udalak, gainera, Urtegialdeko proiektua ere martxan du. Urtatzako iturriaren aurreko txaleten gunea da hori, eta datozen hilabeteetan lizitatu eta obrak hastea espero dute. Aparkaleku horri esker, 33 plaza gehiago izango ditu auzoak.
Enpresa jabearekin hainbat bilera egin ondoren, alkatea akordio batera iritsi da, eta horren arabera, udal gastu bakarra urteko OHZ ordaintzea izango da, hau da, 387,21 eurokoa.













