Elkartasun Asteburua dute Legorretan, gaurtik
Aefat elkartearen aldekoa izango da biharko herri lasterketa. Oinez edo korrika egingo ahal izango da. Artisau eta garagardo azokak ere antolatu dituzte.
Herri lasterketa oinez edo korrika egiteko aukera izango da.Tere Madinabeitia. Elkartasun Asteburua antolatu du Pikuk Kirol Elkarteak gaur eta bihar. Aurten, Ataxia Telangiectasia gaixotasunaren inguruko sentsibilizazioa egingo dute. Horretarako, batetik gaur, 18:00etan, Herri Antzokian, Ataxia Telangiectasia gaixotasunari buruzko hitzaldia eta kontzertua izango dira Aefat elkartearen eskutik. Eta bihar, Aefat elkartearen aldeko VIII. herri lasterketa izango da, 11:00etan hasita. Korrika zein oinez egiteko aukera izango da. Korrika egin nahi dutenek 7 kilometroko ibilbidea dute eta oinezkoek, laukoa. Izen-ematea kirolprobak.com webgunean egin behar da. Sari banaketaren ondoren, Pikukada batukada taldearen saioa izango da.
Azokak
Legorretako Elkartasun Asteburuak beste bi osagai ere baditu: artisau eta garagardo azokak. Artisau azoka 10:00etan hasiko da plazan, herriko eta inguruko sortzaileekin. Jarriko dituzten postuak ondorengoak izango dira: Sabel, bitxiak; Dario, artisau poltsak eta motxilak; Nerea, buruko zintak (arropa eta collage); Mairi Naturala, kosmetika naturala; Amesgile argitaletxea (Betzaida Urtaza legorretarra), Euskal herrian egindako eta kontzientziatzeko liburuak; KuMa eskuz, belarritakoak; Jenny, Ringana Kosmetika naturala eta Yokoro eta Marilo, gantxillo eta Crochet eran eginiko arropa.
Eguerdian, berriz, XVI. Garagardo azoka dago, Aldapa Haundi kultur elkarteak antolatuta.













